Ekonomia -
GIPUZKOA
ELAk 19 orduko lanaldiak salatu ditu Donostialdeko metroaren eraikuntza lanetan
Sindikatuak lau salaketa aurkeztu ditu Lan Ikuskaritzan eta lehenbailehen esku hartzeko eskatu dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA sindikatuak lau salaketa jarri ditu Lan Ikuskaritzan, Donostialdeko metroa eraikitzeko lanetan langileak pairatzen ari diren "lanaldi ankerrak, legez kanpoko lanaldi luzeegiak, lan erritmo luzeegiak eta lan baldintza prekario eta iruzurrezkoak" direla eta.
Atzo kazetarien aurrean egindako adierazpenetan ELA sindikatuak azaldu zuenez, Mirakontxa-Easo tarteko lanetan diharduten langile gehienak 12 orduko bi txandatan aritzen dira, gutxienez, astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 19:00ak arte eta 19:00etatik 07:00ak arte, ostiraleko bigarren txandakoak izan ezik, horiek ostiraleko 19:00etatik larunbateko 14:00ak arte aritzen baitira, 19 orduz.
Langileek Madrilen egoitza duen Cavosa Obras y Proyectos S.A. enpresarentzat egiten dute lan. ELAren esanetan, enpresa horrek ez du errespetatzen 1562/1995 Errege Dekretuan lanaldiei buruz jasotakoa, ezta Eraikuntzaren Gipuzkoako Hitzarmenaren 30. artikuluan ("Lan bereziki nekagarri, toxiko edo arriskutsuak") jasotakoa ere.
Sindikatu horren ordezkarien esanetan, legea errespetatuz gero, langileek ez lukete egunean sei ordutik gorako lanaldirik egin beharko.
"Gezurra dirudi Eusko Jaurlaritzak sustaturiko obra batean horrelako lan-baldintza gizagabeak izatea", salatu du ELAk. Hori dela eta, lehenbailehen esku hartzeko eta arazo horri konponbidea aurkitzeko eskatu dio ELAk Lan Ikuskaritzari.