Ekonomia -
ELA, LAB eta UGT
Sindikatuek urritzat jo dute Osakidetzaren lan-eskaintza publikoa
Sindikatuen hitzetan, lan-eskaintza publiko horrek "kalean" utziko ditu Osakidetzan aldi baterako kontratua duten hainbat langile.
Erredakzioa
Sindikatuen hitzetan, lan-eskaintza publiko horrek "kalean" utziko ditu Osakidetzan aldi baterako kontratua duten hainbat langile.
ELA, LAB eta UGT sindikatuek "urritzat" jo dituzte Osakidetzak kaleratutako lan-eskaintza publikoko 2.600 plaza berriak. Sindikatu horien hitzetan, kopuru hori ez da nahikoa Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan egonkortasuna lortzeko.
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek Bilbon egindako prentsaurreko baten bidez eta UGTk agiri baten bidez jakinarazi dutenez, aurtengo lan-eskaintza publikoaren lanpostu kopurua "urria" da. Osakidetzako lurralde mahaian ordezkatuta dauden sindikatuekin adostu gabe onartu zuen atzo Osakidetzak lanpostu kopuru hori.
Halaber, ELA eta LAB sindikatuek negoziatzeko eta akordioak adosteko "borondate eta gaitasun eza eta baldartasuna" leporatu diote Osakidetzako Zuzendaritzari.
Mirari Irure ELAko Osasun arduradunaren hitzetan, onartu berri duten lan-eskaintza publiko horren ondorioz, Osakidetzan aldi baterako lan egiten duten langile asko "lanposturik gabe" geratuko dira.
Iruren esanetan, "gutxienez" 5.400 lanpostu atera beharko lituzkete aldi baterako langileei egonkortasuna eman eta erretiroa hartzen dutenak ordezkatzeko. Kopuru horrekin egonkortasuna eman nahi dute, baina ez dute "lanposturik sortuko".
Sindikatu horien datuen arabera, Osakidetzako langile guztien % 30 aldi baterako kontratuen bidez ari dira lanean.