Ekonomia -
Lan-istripuak
Lan-istripuek % 32,2 behera egin dute EAEn azken hamar urteetan
2008an baino 14.300 baja gutxiago izan ziren iaz. Eraikuntza sektorean eman da lan-istripuen beherakadarik handiena.
Agentziak | erredakzioa
Lan-istripuek % 32,2 behera egin dute EAEn azken hamar urteetan; iaz, 2008an baino 14.323 baja gutxiago zenbatu baitzituzten. 2008 urte hartan 44.438 baja zenbatu zituzten lan-istripuen ondorioz; 2018an, berriz, 30.115 izan ziren.
Lan Harremanen Kontseiluaren datuen arabera, lan-istripuetan hildakoen kopuruak ere behera egin du: 2008an 48 hildako izan ziren, eta iaz, 34 (% 29ko beherakada hamar urtetan hain zuzen).
Bestalde, 2009tik lan-istripuetan urtero hildakoen kopurua 40 beharginetik behera mantentzen da. Horrenbestez, 2009 eta 2010an35 hildako oizan ziren; 2011n, 37; 2012an, 32; eta, hurrengo hiru urteetan (2013, 2014 y 2015) 28 hildako zenbatu zituzten. 2016an, berriz, 34 igo eta 2017an 25ra jaitsi ziren.
Batez ere, lan-istripu larrietan nabari da beherakada. 2008an 274 lan-istripu larri jaso ziren bitartean, iaz 169 zenbatu zituzten, % 38,5eko murrizketa hain zuzen. Lan-istripu arinek ere % 32,2 behera egin dute: 44.115, 2008an eta, 29.912, 2018an.
Sektorez sektoreko datuei erreparatuta, eraikuntzan jaso da murrizketarik handiena, % 60,8 lan-istripu gutxiago izan baitira. Era berean, 2008an 7.659 lan-istripu izatetik 2.998ra izatera igaro dira sektore horretan hamar urteotan. Industrian ere beherakada nabarmena jaso dute: % 42,5 lan-istripu gutxiago. 2008an 18.328 izan ziren eta, 2018an, 10.524.
Nekazaritza sektorean jasotako lan-istripuen murrizketa % 28,4koa izan da, 641 lan-istripu izan baitziren iaz eta 896 orain dela hamar urte. Zerbitzuetako sektorean jasandako lan-istripuei dagokionez, % 9,1 murriztu dira: 2008an 17.555 izan ziren, eta iaz, 15.952.