Ekonomia -
Eustat
EAEko ekonomia % 0,9 hazi zen 2011ko lehen hiruhilekoan
Epe berean, Espainiako ekonomia % 0,8 hazi zen eta Europar Batasunekoa % 2,5. Hazkundea % 0,3koa izan da iazko azken hiru hilabeteekin alderatuta.
Erredakzioa
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordina % 0,9 hazi zen urteko lehen hiru hilabeteetan aurreko urteko epe beraren aldean.
Hazkundea % 0,3koa izan zen 2011ko azken hiru hilabeteetako Barne Produktu Gordinarekin konparatuz gero.
Lurraldeka, BPGren hazkundea handiagoa izan da Araban, % 1,3koa hain zuzen ere, eta atzetik geratu dira Bizkaia % 1ekoarekin eta Gipuzkoa % 0,7koarekin.
Hori urte arteko datuei dagokienez, baina aurreko hiruhilekoarekin konparatuta, Arabako hazkundea % 0,2koa izan zen, Bizkaikoa % 0,4koa eta Gipuzkoakoa % 0,3koa.
Alderaketa Estatuarekin eta Europarekin
Espainia Estatuko batez bestekoa baino gehiago hazi da EAEko ekonomia, Espainian % 0,8koa izan baita BPGren igoera. Hala ere, Europar Batasunean baino askoz ere baxuagoa izan da hazkundea EAEn, Batasunean eta Eurogunean % 2,5 hazi da ekonomia, eta AEBetan % 2,3.
2010eko azken hiru hilabeteekin konparatuta, EAEko BPG % 0,3 hazi zen, Espainiaren antzera, baina AEBetan baino hamarren bat gutxiago, eta Eurogunean eta Europar Batasunean baino puntu erdi gutxiago.
Industriaren sektorea eta esportazioak
Industriaren sektorea izan da urtebetean gehien hazi dena, hainbat hilabetez gorakada txikiak izan ondoren, urte batetik bestera % 3 hazi da. Eraikuntzak ordea, behera egiten jarraitzen du eta 12 hilabetetan % 4,4 murriztu da.
Aurreko hiruhilekoan bezalaxe, eskarian kanpo sektorea izan da hoberen ibili dena. Izan ere, % 13,7 hazi da esportazioen sektorea eta % 12 inportazioena.
Enplegua
Enpleguari dagokionez, urte batetik bestera % 0,1 lanpostu desagertu dira eta % 0,4 2010eko azken hiruhilekotik aurtengo martxora. Guztira, 800 lanpostu desagertu dira urtebetean.