Ekonomia -
Erreskateen ondoren
Eurogunean opor kopurua eta erretiro adina bateratzea nahi du Merkelek
Era berean, Alemaniako kantzilerrak salatu duenez, "herrialdeetan moneta berbera badugu ere, batzuek opor asko izaten dituzte eta besteek oso gutxi".
Erredakzioa
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak beharrezkotzat jo du Euroguneko herrialdeetan erretiro adina eta laneko opor kopurua "armonizatzea", Portugalen, Irlandaren eta Greziaren milioika euroko erreskateengatik batez ere.
"Kontua ez da zorra murriztea bakarrik, garrantzitsua da Grezian, Espainian edo Portugalen langileak Alemanian baino lehenago ez erretiratzea", adierazi du Merkelek bere alderdiaren, Batasun Kristaudemokrataren (CDU), ekitaldi politiko batean, Mescheden. Era berean, "denek esfortzu berbera" egitea aldarrikatu du.
Alemaniako kantzilerrak salatu duenez, "herrialdeetan moneta berbera badugu ere, batzuek opor asko izaten dituzte eta besteek oso gutxi".
Alemanian erretiro adina pixkanaka 65 urtetik 67 urtera igotzeko akordioa lortu zuten, eta bertako langileek 20 opor egun dituzte gutxienez urteko.