Ekonomia -
Iruzkina
Merkel: kristaudemokrata ala populista?
Oporrak eta erretiro-adina bakarrik ez, zergak eta aurrekontu politika ere bateratu egin behar dira, baina ñabardura garrantzitsu batekin: armonizazioak ez dira beti eskubideak murriztuz egin behar.
Jesus Torquemada
Zentzuzkoa dirudi Angela Merkel, Alemaniako kantzillerrak esandakoa. Europan txanpon batasuna badago, batasun ekonomikoa ere egon behar da. Euroguneko herrialdeen ekonomiak parametro berdintsuetan zuzendu behar dira. Merkelek bakarrik ez, hori Europar Batasunaren proiektuan sakondu nahi duten guztiek defendatzen dute.
Oporrak eta erretiro-adina bakarrik ez, zergak eta aurrekontu politika ere bateratu egin behar dira, baina ñabardura garrantzitsu bat eginez: armonizazioak ez dira beti langileen, langabeen, gaixoen edo pentsiodunen eskubideak murriztuz egin behar.
Merkelek esaten duena ez da erabat zuzena. Gezurra esan du edo bestela informazio okerra dauka. Bata edo bestea izan, biak txarrak dira eragin handia duen pertsona delako.
Alemania eta Espainiaren arteko konparaketari dagokionez, erretiro-adina bi herrialdeetan 67 urtekoa izango da, baina batez bestekoa eginda, benetan alemaniarrak urtebete lehenago erretiratzen dira. Oporrei dagokionez, Alemaniako eta Espainiako oporraldiak berdintsuak dira, eta espainiarrek urtean 264 ordu gehiago egiten dituzte lan.
Beraz, Merkelek ez ditu gauzak diren bezala esaten; alemaniar askok entzun nahi duena esaten du, betiko topikoa, alemaniarrek lan asko egiten dutela mediterraneoko herritarrek siesta egiten duten bitartean. Egia izan ala ez, jendeak entzun nahi duena esatea, hori populismoa da. Europako buruzagiak populismoa egiten ari badira, adio Europar Batasunaren proiektuari.