Ekonomia -

Euskal pentsiodunak

Abian da pentsiodunen martxa, 'pentsio duinak' eskatzeko

Politikariei pentsioen auzian duten 'erantzukizuna bere egitea' eskatuko diete 30 bat lagunek Madrilera oinez egingo duten martxan.

Pentsiodunak Bilboko Arriaga antzokitik abiatu dira. Argazkia: EFE
Pentsiodunak Bilboko Arriaga antzokitik abiatu dira.
Euskal pentsiodunek Madrilera iritsiko den martxa abiatu dute, pentsio duinen alde

Agentziak | Erreakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

30 bat pentsiodunek (25 gizon eta sei emakume) abiatu dute gaur goizean 'Iparraldeko zutabea' deitu dutena, alegia, euskal pentsiodunen talde batek Bilbotik Madrilera oinez egingo duen martxa. Mobilizazioak bi aldarri nagusi izango ditu: "pentsio duinak bermatzea" eskatzea eta politikariei auzian duten "erantzukizuna bere egitea" galdegitea.

Martxa urriaren 16an helduko da Madrilera, eta egun horretan kontzentrazioa egingo dute Diputatuen Kongresuaren aurrean. Cadiztik beste zutabe bat abiatu da gaur, eta biek bat egingo dute Madrilen.

Bizkaiko Labe Garaien langileek 1992an egin zuten "Burdinaren Martxa" izan dute pentsiodunek inspirazio iturri. "Duela 27 urte 'Burdinaren Martxa' buru zuten lagunen sendotasun berarekin abiatu gara gu ere. Orduko hartan galtzear ziren milaka lanpostuen alde egin zuten bidea, oraingoan pentsio duinak bermatzea eskatzen dugu", esan dute parte-hartzaileek.

"Egoera triste honek bultzatu gaitu errepidera. Irmotasunez egingo dugu aurrera, espero dugu politikariek duten erantzukizuna bere egitea, hauteskunde kalkuluak egin gabe", azaldu dute.

Gaur Laudiora helduko dira pentsiodunak. Guztira, 22 etapatan egingo dituzte Espainiako hiribururaino dituzten 400 kilometroak.

Elkarretaratzea egin dute Bilbon

Bitartean, Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendiak, astelehenero bezala, elkarretaratzea egin du Bilboko Udaletxearen aurrean.

Jon Fano bozeramaileak zehaztu du azarorako deituta zuten "mobilizazio-egunari" eutsiko diotela, "ahalik eta sektore gehienen babesarekin"; nolanahi ere, onartu du litekeena dela ez egitea, horrekin batera, lau orduko lanuzteetako egunik lan-zentroetan, aldez aurretik hori iragarrita bazuten ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Pentsioak