Ekonomia -
Emaitzak
MCCk mozkinak hirukoiztu ditu 2010. urtean
Taldeak 2010eko emaitzak azaldu ditu gaur. Krisi ekonomikoan murgilduta egon arren "iazko emaitzak hobetu" egin dituztela adierazi du Korporazioak.
Erredakzioa
Mondragon Korporazioak 178 milioi euroko mozkinekin bukatu zuen 2010. urtea, aurrekoan lortutakoaren hirukoitza. Horrez gain, lanpostuak sortu egin dituela nabarmendu du korporazioak (2010ean 1.378 lanpostu berri sortu zituen). Horrez gain, 13.989 milioi euroko salmentak lortu zituzten, aurreko urtean baino % 1,2 gehiago.
Taldeak 2010eko emaitzak azaldu ditu gaur. Krisi ekonomikoan murgilduta egon arren "iazko emaitzak hobetu" egin dituztela adierazi du Korporazioak.
Iturri berdinek adierazi dutenez, "azken urteetan hartutako neurriei" esker lortu dira emaitzak. "Negozioen lehiakortasuna nabarmen hobetu dugu, eta, inoiz baino gehiago, nazioarteko merkatuetan egotea lortu dugu".
"Berrikuntzaren aldeko apustuak" mozkinak ekarri dizkio Mondragon Korporazioari. Industria alorreko 2010eko produktu eta zerbitzu berriek salmenten % 21,4 eskuratu dituzte, enpresak azpimarratu duenez.
Nazioarteko merkatuei buruz, salmenten igoera nabarmendu du Mondragonek. Nazioarteko salmentak % 63an kokatu dira, aurreko urtean baino 3,5 puntu gehiago.
Orotara 77 filial ditu Mondragon Korporazioak. Europako hainbat herrialdeetan dituzten filialez gain, Txinan, Brasilen, Indian eta Errusian ere negozioak ireki ditu taldeak.