Ekonomia -
Muga-zergak
AEBren muga-zergen gaineko kontseilari autonomikoen bileran izan da gaur Tapia
Sailburuak Planas ministroak deitutako batzarrean parte hartu du. AEBk iragarritako nekazaritzako elikagaien muga-zergen ondorioak aztertu dituzte bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak parte hartu du, gaur, Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura alorreko jarduneko ministroak deitutako bileran, arloko beste kontseilari autonomikoekin; batzarren helburua da aztertzea, gai sektorialez eta komunitate-gaiez gain, brexitaren eta AEBk iragarritako nekazaritzako elikagaien muga-zergen ondorioak aztertzea.
Planasek, ostiralean, adierazi zuen asteartetik aurrera, hau da, hilaren 8tik aurrera, nekazarien, kooperatiben eta industriaren ordezkariekin biltzekoa zela, egoerari heltzeko. Esan zuenez, aukera dago proposatzeko kaltetutako sektoreentzako laguntzak, Trumpen Gobernuak muga-zergen gaineko bere proposamenak gauzatzekotan.
Aurreko astean, AEBko Gobernuak iragarri zuen muga-zergak ezarriko dizkiola Europar Batasunari; ordutik, hainbatek eskatu dute, autonomia-erkidegoetatik, Espainiako Gobernuarekin biltzea, arrisku-plana prestatzeko. Juan Manuel Moreno Andaluziako presidentea Bruselan izango da ondorengo egunetan, eta, zehaztu zuenez, asmoa du gaiaz aritzeko Phil Hogan Nazioarteko Merkataritzako hurrengo komisarioarekin eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin.
Tapiak ohartarazi du AEBk iragarritako muga-zerga horiek euskal ekonomiarako "oso kezkagarriak" izan daitezkeela, eta Europar Batasunari eskatu zion "AEBren eta Txinaren mehatxuei aurre egiteko moduko muga-zergen gaineko politika bat".
Londresen bidaia ofizialean zegoela, aurreko ostegunean, sailburuak nabarmendu zuen muga-zergak % 25rainokoak izan daitezkeela sektore aeronautikoan eta ardoarekin eta olioarekin lotutako sektoreetan, besteak beste. Esan zuenez, paradoxikoa zen egiten ari zen deialdi hura, alegia, Europa "sendo" egoteko eta EBk politika komertzial eta industrial irmoak adosteko deialdia, Erresuma Batuan egitea, kontuan izanik ondorengo asteotan aipatutako herrialdeak EBtik alde egingo duela.
"Presioa", azkenean ez ezartzeko
Espainiaren aldetik, Planasek azpimarratuta du Gobernuak ahaleginak egingo dituela "presioa" egiteko, hilaren 14ra arte, Europako Batzordearen eta AEBren arteko negoziazioetan; presio horren helburua izango da zerga-igoera hori azkenean ez ezartzea.
Ministroak azaldu zuenez, Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak muga-zergak ezartzea erabaki zuen zigor moduan; hain zuzen ere, zigortu nahi izan zituen Alemaniak, Frantziak, Espainiak eta Erresuma Batuak Airbus partzuergoari emandako diru-laguntza publikoak. Halaber, Planasek adierazi zuen espero duela Espainiaren interesen aldeko erabaki arbitrala AEBk Boeing-i emandako diru-laguntza oso antzeko batzuen auzian.
Espainian, ondorengo sektoreei eragingo lieke bereziki muga-zergen gaineko erabakiak: oliba-olioari, olibari, ardoari, txerri-aziendari, gaztari eta zitrikoei.
Munduko Merkataritza Antolakundeak AEBri baimena eman zion ezartzeko EBri 6.800 bat milioi euroko zigor komertzialak; baimena horren ostean zabaldu zen zergen igoeraren gaineko informazioa. 6.800 milioi horietatik 1.000 baino gehiago Espainiari egokituko litzaizkioke.