Ekonomia -

ENPRESAK

CAFek tranbiak eta autobus elektrikoak hornituko ditu Birminghamen eta Venezian

Gipuzkoako taldeak kontratua sinatu berri du Erresuma Batuko hirirako 21 tranbia eta Italiakorako 30 ibilgailu elektriko egiteko.

Gaur egun, CAF hainbat operadorerekin ari da lanean Erresuma Batuan. Argazkia: CAF
Birminghameko Urbos tranbia
Gaur egun, CAF hainbat operadorerekin ari da lanean Erresuma Batuan. Argazkia: CAF

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mendebaldeko Midlands Erresuma Batuko eskualdeko garraioaren eta garapen ekonomikoaren kudeaketaz arduratzen den West Midlands Combined Authority (WMCA) erakundeak CAF enpresa gipuzkoarra hautatu du 21 tranbia egiteko. 90 milioi euroko kontratua sinatu dute horretarako, eta lehen unitateak 2021erako fabrikatuko dituzte, CAFek agiri batean jakinarazi duenez.

Halaber, beste 29 tranbia gehiago jasotzeko aukera eta 30 urtez ordezko piezak eta euskarri teknikoa emateko zerbitzua ere jaso dituzte sinatutako kontratuan.

Tranbia berri horiek, gaur egungo 21 Urbosekin batera, Birmingham eta Wolverhampton lotzen dituen Midland Metro Line linean eta Centenary Square Birminghamgo kultura eta negozio arloko gune esanguratsurainoko hedapenean eskainiko dute zerbitzua.

Operazio horrek gaur egun CAFek Erresuma Batuko tren merkatuan duen garrantzia indartu du, kontratua baitu hainbat operadorerekin (First Group, Serco Group Plc, West Midlands Trains Ltd, KeolisAmey eta Transport for London operadoreekin, esaterako), eta 2.500 milioi euro inguruko bolumena, guztira.

Bestalde, CAF Taldeak, Solaris filialaren bidez, Italian autobus elektrikoak hornitzeko beste kontratu bat eskuratu du. Kontratu hori ATM Milanentzat 250 autobus arte hornitzeko duela gutxi adostutako akordioari gehitzen zaio.

ACTV SPA Venezia garraio-operadorearentzako proiektuak Urbino 12 modeloko 30 autobus elektriko egiteko zein bateriak kargatzeko beharrezko azpiegiturak biltzen ditu, 20 milioi eurotik gorako kontratu bati esker.

Bilboko autobus elektrikoak

Azkenik, CAFek jakitera eman duenez, Solarisek kontratua sinatu du Alsa Group SA operadorearekin Bilborako Solaris etxeko Urbino 12 modeloko 2 autobus elektriko zein kargarako bi estazio egiteko. Ibilgailuak urte amaieran entregatuko dituzte, bakoitzak gutxienez 75 bidaiari eramateko edukiera izango du (horietako 26, eserita) eta ekipamendu handia izango dute: bidaiariak ahots bidez informatzeko sistema, bideozaintza sistema, bidaiariek gailu mugikorrak kargatzeko USB atakak eta abar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa EAE albisteak Lana albisteak Erresuma Batua bideoak CAF Ekonomia Eguneko albisteak Beasain bideoak Albisteak Italia Industria albisteak