Ekonomia -
Negoziazio kolektiboak, porrot
Mendezek dio herritarrei huts egin dietela
UGTren idazkari nagusiaren arabera, jendeak itxaropenak zituen jarrita. Bestalde, Gobernuari gogorarazi dio lan-erreformekin ez dela arazorik konponduko.
Erredakzioa
Candido Mendez UGTren idazkari nagusiak aitortu du herritarrei huts egin dietela ez dutelako lortu negoziazio kolektiboaren inguruan patronalarekin akordioa egitea.
Mendezek adierazi duenez, porrot egin dute, jendeak zituen itxaropenak bertan behera geratu dira, eta hori omen da gehien atsekabetzen duena.
Punto Radion egin dioten elkarrizketa batean buruzagi sindikalistak azaldu duenez, ezin da jendartea "nahastu" errealitateari ez dagozkion mezuak zabalduz.
Mendezek mezu zuzena igorri dio Gobernuari lan-erreformekin eta doiketa neurriekin ez direla arazoak konpontzen gogoraraziz.
"Hemen begirada guztiak ahulenei jartzen zaizkie, eta horiek dira hain zuzen egoera pairatzen dutenak", azpimarratu du.
UGTren buruzagiak esan du kontuan izan behar dela krisiaren jatorria finantza alorretik iritsi zela, eta hori dela arazo nagusia enpresek dirua lortu eta lanpostuak sortu ahal izateko.