Ekonomia -
Negoziazio kolektiboa
Patronalak, CCOOk eta UGTk adostutakoan oinarrituko da Gobernua
Rubalcabak aurreratu duenez, enpresetako barne malgutasuna sustatu nahi du Gobernuak, langileek lan-eskubideak galdu barik.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteordearen hitzetan, negoziazio kolektiboa arautuko duen legea egiteko "hamabost minutu" beharko dituzte, patronalak, CCOOk eta UGTk atzo akordiorik ez adostu ostean.
Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Rubalcabak esaldi hori erabili du, Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak esandakoa gogoratzeko; astelehenean, akordioa lortzetik "ordu laurden batera" egon zirela esan zuen Toxok, baina azken unean patronalak azken proposamen bat aurkeztu zuen eta negoziazioa hautsi zuten.
Rubalcabaren esanetan, "hamabost minutu horien aurretik adostutakoan” oinarrituko da Gobernua ekainaren 10ean negoziazio kolektiboaren legea onartzeko.
Lehen presidenteordeak gauza bakarra aurreratu du: Gobernuak enpresetako barne malgutasuna sustatu nahi du, langileek lan-eskubideak galdu barik.
Halaber, patronalak eta sindikatuek ituna adostu ez izana deitoratu du, erreforma "beharrezkoa" delako.