Ekonomia -

Itunpeko hezkuntzaren gatazka

Gurasoen federazioek bitartekaritza lana eskatu diote Eusko Jaurlaritzari

Gurasoen babesa ez dutela ohartarazi diete sindikatuei "eskatutakoa gehiegizkoa baita". Jaurlaritzari ere grebaren aurrean hezkuntza eskubidea bermatzeko eskatu diote.

Itunpeko ikasleak eta gurasoak Bilbon egindako manifestazioan. Argazkia ETBren bideo batetik aterata
Itunpeko ikasleak eta gurasoak pankartaren atzean, Bilbon egindako manifestazio batean
Itunpeko ikasleak eta gurasoak Bilbon egindako manifestazioan. Argazkia ETBren bideo batetik aterata

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizarte ekimeneko itunpeko hezkuntzaren grebaren harira kaltetutako ikasleen gurasoen federazioek gatazkan bitartekari lana egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari, seme-alabak "txanpon truke gisa" erabiltzen ari direlako.

Gurasoen elkarteek (FECAPP, BIDELAGUN, EIGEF, FEGUIAPA, UFEPA eta FAPACNE) agiri batean azaldu dutenez, ez dituzte sindikatuen eskariak babesten "neurrigabeak direlako".

Gainera, gatazka honetan "kaltetu bakarrak" euren seme-alabak direla esan dute, eskolei presioa egiteko ikasleak "bahitu eta txanpon truke gisa" erabiltzen ari baitira.

"Konstituzioak grebarako eskubidea jasotzen du, baita hezkuntzarako eskubidea ere", eta eskubide hori "urratzen ari dira". Horrenbestez, "gure seme-alaben hezkuntzarako eskubidea bermatzeko beharrezko neurri guztiak abian jartzeko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Bestalde, gurasoen elkarteek esan dute ez dutela ulertzen zergatik ezin duten ikastolek adostutako aurreakordioaren antzeko neurririk adostu

Halaber, patronalari "gatazka berehala konpontzeko" eskatu diote, eta akordioa adosteko gai ez badira, "bitartekari baten lana eskatzeko" agindu diote.

Horren harira, "egoera eutsiezin hori ofizioz kudeatzen hasteko" eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari, eta "egoera konpontzeko neurriak har ditzala" eskatu diote Hezkuntza Sailari ere.

"Egoerak hurbileko irtenbiderik ez duela ikusita", epe ertainean hezkuntza sistemaren nondik norakoak birplanteatzeko eskatu diote Jaurlaritzari, itunpeko hezkuntzaren bideragarritasuna bermatzeko, EAEko ikasleen % 50 inguru itunpeko sisteman baitaude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas Lan gatazkak Gurasoak  gaur