Ekonomia -
Egoera ekonomikoa
Salgadok baztertu egin du kotizazioak jaistea edo BEZ igotzea
Europako Batzordeak gastuari muga bat ezartzeko, gizarte segurantzari egin beharreko kotizazioak murrizteko eta BEZ igotzeko gomendatu dio Espainiari.
Erredakzioa
Elena Salgado Ekonomia ministroak alde batera utzi ditu Europako Batzordeak Espainiari egindako gomendioak, “desegokiak” direla iritzita. Batzordeak gizarte segurantzaren kotizazioak murrizteko eta BEZ (balio erantsiaren gaineko zerga) igotzeko aholkatu dio Gobernuari. Salgadoren hitzetan, neurri horiek "ez dakit zenbat legealdiren buruan aztertu beharko lirateke".
"Epe laburrean, ez ditugu gomendio horiek indarrean sartuko. Ez dakit zenbat legealdiren buruan, erreformek bere ondorioak eragin dituztenean, Europako Batzordearen gomendioak aztertzeko unea izango da", Ekonomia ministroaren ustez.
Salgadoren esanetan, Espainiak "oraingoz" ez ditu Batzordearen proposamenak kontuan izango.
Gobernu mailan zein erkidegoetan, gastuari muga bat ezartzeko gomendatu dio Europako Batzordeak Gobernuari, kontu publikoak sendotzeko helburua betetzen dela bermatzeko.
Ildo horretan, legealdi honetan enpresek Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak murrizteko eskatu dio Bruselak Espainiari, soldaten kostuak murrizteko.
Diru-sartze horien murrizketa orekatzeko, Europako Batzordeak BEZ igotzea edo energiaren gaineko fiskalitatea igotzea proposatu du.
Era berean, langabeziaren egoera hobetzeko eta produktibitatea sustatzeko asmoz, negoziazio kolektiboaren erreformari amaiera emateko eskatu dio Bruselak.