Ekonomia -
Aho batez erabaki dute
Miguel Angel Lujua, Confebask zuzentzeko Cebeken hautagaia
Azkenean, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak ez du Javier Arteche presidenteordea hautagai bezala aurkeztu, eta aho batez onartu dute Lujuaren hautagaitza.
Erredakzioa
Miguel Angel Lujua izango da Confebask zuzentzeko Cebekek aurkeztuko duen hautagaia, hala erabaki baitu Bizkaiko patronalaren zuzendaritzak.
Cebeken Batzorde Exekutiboak aho batez onartu zuen Lujuaren hautagaitza eta, ondorioz, ez da beste hautagaitzarik aurkeztu.
Alabaina, azken unera arte zalantza izan da; izan ere, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak bere zuzendaritzako presidenteordea, Javier Arteche, hautagai izendatzeko asmoa agertu zuen, baina, azkenean, hautagaitza hori ez aurkezteko eta Miguel Angel Lujuari babes osoa emateko erabakia hartu dute.
Cebeken arabera, Miguel Angel Lujua presidentegai izendatzeko hainbat arrazoi hartu dituzte kontuan: "bere ibilbide profesionala; Euskadik bizi duen egoera ekonomikoa ezin hobeto ezagutzen duela; diputazioekin, Jaurlaritzarekin eta Estatuarekin harreman onak dituela; eta Estatuko enpresen nahiz CEOEren antolakuntza ezagutzen duela".