Ekonomia -

Consorcio de Aguas

Uraren faktura % 6 garestituko da Bizkaian, batez beste 11,5 euro gehiago urtean

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren arabera, azpiegiturak eta zerbitzuaren kalitatea egungo eta etorkizuneko hiri urei buruzko eskakizunetara egokitzeko hartu du erabakia.

Txorrota, zabalik. Artxiboko argazkia: EiTB
Txorrota, zabalik. Artxiboko argazkia: EiTB
Txorrota, zabalik. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak hornidura, saneamendu eta arazketa zerbitzuengatiko tarifak % 6 igoko ditu datorren urtean. Gauzak horrela, Bizkaiko etxebizitzetan batez beste 11,5 euro gehiago ordainduko dituzte urtean uraren fakturan.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Arrigorriagan egin duen Batzar Nagusian hartu du erabakia. Izan ere, erakundeak egindako azterlanen arabera, egungo tarifekin zerbitzua ematetik eratorritako gastuen % 86 inguru estaltzen da.

Hala, Ur Partzuergoaren arabera, beharrezkoa da pixkanaka % 100era hurbiltzea, "urari buruzko Europako zuzentarauaren kostuak berreskuratzeko printzipioari jarraiki".

Gainera, erakunde horren arabera, igoera horrek "lurraldeak bere azpiegiturak eta zerbitzuaren kalitatea hiri urei buruzko egungo eta etorkizuneko euskal eta europar araudiak finkatzen dituen eskakizunetara egokitzeko behar duen inbertsioa bermatzen du".

Bestalde, batzarrak 183,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2020rako, eta, horrenbestez, aurreko ekitaldiarekin alderatuta 4,5 milioi euro gehiago izango ditu. Ildo horretatik, aurrekontu osoaren % 36,4 hornidura eta saneamendu azpiegituretan inbertsio berriak egiteko erabiliko da.

Guztira, 66,8 milioi euro bideratuko dira horretara, eta horietatik 10 milioi euro Ur Partzuergoak Bizkaiko Foru Aldundiarekin udalerrien azpiegiturak hobetzeko sinatutako hitzarmenetik datoz.

Bestalde, Partzuergoak jakinarazi duenez, 2019ko urtarriletik irailera bitartean 918 familiek jaso dute saneamendu-tasaren % 80ko hobaria haien fakturetan, hau da, 2.571 likidaziok jaso dute hobaria, guztira, 37.125 euroko zenbatekoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ura