Ekonomia -
Balantzea
BBVAk 3.667 milioi irabazi ditu irailera arte, 2018an baino % 15,2 gutxiago
Gainbaliorik ezak ekarri du jaitsiera. Egoitza soziala Bilbon duen bankuak BBVA Txile saldu zuen, 2018ko uztailean; irabazi hori kenduta, % 1,2 egin du gora.
Agentziak | Erredakzioa
BBVAk 3.667 milioi euroko irabazi garbia izan du 2019ko lehen bederatzi hilabeteetan, hau da, urtarriletik irailera arte. 2018ko epe hori bera kontuan izanik, egoitza soziala Bilbon duen bankuak % 15,2ko beherakada izan du; izan ere, duela urtebete, balantzeak BBVA Txileren salmentaren gainbalioek sortutako eragiketa korporatiboen emaitza zuen sartuta.
BBVA Txile saldu izateak ekarri zion irabazia kenduta (2018ko uztailean gauzatu zen salmenta hori), egotzitako emaitzak % 1,2 egin du gora, % 0,5 termino konstanteetan.
Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, bankuak izan duen irabazia 1.225 milioi eurokoa izan da; eragiketa korporatiboak kenduta, hau da, Txileko negozioaren salmentaren gainbalioa kontuan izan gabe, % 6,1 egin du gora, 2018ko hirugarren hiruhilekoaren aldean.
Hain zuzen ere, 2018ko irailaren amaieran, eragiketa hark eragindako irabaziak 633 milioi eurokoak izan ziren.
Negozio-arloei erreparatuta, 2019ko lehen bederatzi hilabeteetan, Espainiak 1.064 milioiko irabazia sortu du; AEBk, 478 milioi eurokoa; Mexikok, 1.965 milioi eurokoa; Turkiak, 380 milioi eurokoa; Hego Amerikak, 569 milioi eurokoa; eta Gainerako Eurasiak, 103 milioi eurokoa.
"Joera positiboak"
"Gure negozioan, joera positiboak sumatzen jarraitzen dugu; izan ere, hirugarren hiruhilekoan, urte arteko gure marjina garbiak % 10 egin du gora, diru-sarreren errepikapenagatik eta eraginkortasuna etengabe ari delako hobetzen. Inguru makroekonomiko korapilatsua gorabehera, negozio dibertsifikatuko gure ereduak aukera ematen digu arrisku-adierazle onak izateko, eta kapitaleko maila sendoari eusteko", nabarmendu du Onur Genç BBVAren kontseilari delegatuak.
Interesen marjina 13.475 milioi eurokoa izan da urtarriletik irailera arteko epean, hau da, 2018an baino % 6,3 gehiago, zehaztapen arruntetan (eta % 7,1 gehiago zehaztapen konstanteetan, hau da, kanbio-tasen aldakuntzak kenduta). Bankuak nabarmendu du bilakaera ona izan duela Mexikon, Hego Amerikan eta Turkian.
Egotzitako emaitzari dagokionez, BBVA Espainiarena 1.064 milioi eurokoa izan da 2019ko urtarriletik irailera arteko epean; % 2,5eko beherakada izan du 2018ko lehen bederatzi hilabeteak kontuan izanik. Hori gertatu da eragiketa finantzarioen ekarpena txikiagoa izan delako (% 62,5 txikiagoa), batez ere merkatuak 2019an izaten ari diren portaeraren ondorioz.