Ekonomia -

2019-2020 biurtekoa

EAEko ekonomia aurreikusitakoa baino gutxiago haziko dela uste du Laboral Kutxak

Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Saileko zuzendariak azaldu duenez, dezelerazioa egon arren ez da atzeraldirik egongo.

Lantegi bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Lantegi bat.
Lantegi bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019an eta 2020an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia uztailean aurreikusitakoa baino hamarren batzuk gutxiago haziko dela uste du Laboral Kutxak. Izan ere, EAEko ekonomia aurten % 2,2 eta datorren urtean % 2,1 haziko zela zuen orduan. Dena dela, Espainiako ekonomiaren aurreikuspenaren gainetik egongo dela iragarri du kreditu kooperatibak. Ildo horretatik, Euskadin enplegua sortzen jarraitzea espero du, baina, gaur egungo joera aztertuta, biurteko horretan ez direla 28.000 lanpostu berri sortuko uste du.

Zehazki, ADYPE Euskadiko Zuzendari eta Profesionalen Elkarteak Bilbon egindako gosari-solasaldian eman du Laboral Kutxak horren berri. Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa Saileko zuzendariak eta Oriol Aspachs Caixabankeko Ikerketa zuzendariak EAEko, Espainiako, Europako eta mundu osoko egoera ekonomikoa aztertu dute, eta bat etorri dira esaten dezelerazioa egon arren ez dela atzeraldirik egongo.

Joseba Madariagak azaldu duenez, EAEko eta Espainiako ekonomiak, euroguneko herrialde nagusien batezbestekoa baino gehiago haziko dira.

EAEko ekonomiaz Madariagak adierazi duenez, datuek erakusten dute dezelerazioa gertatzen ari dela, "gainerako eskualdeetan gertatzen ari denarekin bat etorriz". Arrazoi horregatik, uztailean 2019rako (% 2,2) eta 2020rako (% 2,1) egindako aurreikuspenak hamarren batzuk egingo du behera abenduan. Dena dela, Europan baino hazkunde handiagoa espero du Estatuan.

Kreditu-kooperatibak uztailean aurreikusi zuenez, 28.000 lanpostu sortuko dira EAEn 2019-2020 biurtekoan, eta aurreikuspenaren hamarren batzuen jaitsierak "datorren urterako enpleguaren hazkunde-aurreikuspena zuzendu dezake", baina lanpostuak sortzen jarraituko dira, Madariagaren arabera, EAEko ekonomia % 1,5 baino gehiago haziz gero, eta hori horrela izango dela uste du. Gainera, langabezia-tasak ez du behera egingo "azken hiruhilekoetan egin duen erritmo berean", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Bilbo Euskal Autonomia Erkidegoa Laboral Kutxa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak