Ekonomia -
Ezkio-Itsaso
Gipuzkoako gaztandegi bateko gaztak baztertu dituzte listeria atzeman ostean
Saltokietatik kendu dituzte eta gaztandegian daudenak atxiki dituzte bakteria izan dezaketelako, nahiz eta ez duten aurkitu listeriosi kasurik kontsumitzaileen artean.
agentziak | erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Berroeta gaztandegi gipuzkoarreko produktuak dendetatik kendu eta gaztandegikoak baztertu ditu aurten ardi esnearekin egindako gazta onduetan listeria monocytogenes bakteria atzeman ostean.
Jaurlaritzak jakitera eman duenez, Ezkio-Itsasoko gaztandegiko produktu guztiak kendu dituzte, nahiz eta epidemiologia zerbitzuak ez duen gazta horren kontsumoarekin lotutako liesteriosi kasuren berririk.
Gaztak Gipuzkoako azoketan eta harategietan saldu dituzte gehienbat (Bizkaiko harategi batean ere bai), eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak etxean Berroetaren gazta dutenei ez jateko eta erosi zuten lekura eramateko gomendatu die.
Etxe horretako gazta jan ostean listeriosi sintomaren bat sentituz gero osasun zentrora joatea aholkatu du Osasun Sailak, bereziki haurdun daudenen eta minbizia dutenen kasuan.