Ekonomia -
Lanuzteekin jarraituko dute
Metro Bilbaoko langileek ez dute zuzendaritzaren proposamena onartu
Asteartean hiru orduko lanuztea egingo dute berriro, 5:45etik 8:45era.
Erredakzioa
Metro Bilbaoko langileen batzordeak ez du zuzendaritzaren proposamena onartu, eta bihar lanuztea egingo dute berriro, 5:45etik 8:45era bitartean.
Langile gehienek ezetz esan diote zuzendaritzak aurkeztutako proposamenari. Goizean proposamen berria langileei helarazi ostean, uztailera arte lanuzteekin jarraitzea erabaki dute.
Metro Bilbaoko zuzendaritzak prentsa oharrean azaldu duenez, bere azken proposamenak lau gidari gehiago kontratatzea proposatzen zuen, 162raino, eta bost geltokiko ikuskatzaile gehiago, 178raino heltzeko.
Batzordeko iturrien arabera, enpresak "a priori" lanpostu berriak eskaini ditu, baina "lanpostuak murrizten ari da"; izan ere, erretiroa hartzen duten langileak ez dituzte ordezkatuko.
Sindikatuen hitzetan, zuzendaritzak "ez du egoera konpontzeko asmorik", eta ez du 2009an adostutako langileen kopurua ezarriko.
Bestalde, Metro Bilbaok jakinarazi duenez, zerbitzurik ahalik eta handiena ematen saiatuko da, eta nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako % 40ko gutxieneko zerbitzuak beteko dituela agindu du.
Biharkoa seigarren lanuzte eguna izango da Metroan, maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean, 8an, 14an eta 16an egindakoen ostean.