Ekonomia -

Lan-gatazka

Mercedes taldeko batzordeak irailera arte atzeratu ditu lanuzteak

Udaren ostean biltzarrei eta aurreikusitako lanuzteei berriro ekitea erabaki dute sindikatuek. Soldatak % 10 murriztea proposatu die zuzendaritzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedes Benz taldeko enpresa batzordeak iragarri duenez, uda igaro ondoren, langileen biltzarrei eta aurreikusitako lanuzteei ekingo diote berriro. Ondorioz, uda bitartean, bertan behera utziko dituzte lanuzteak eta protestak.

Hilaren 24ean langileen batzar orokor bat egiteko asmoa zuen batzordeak baina zuzendaritzak ezezkoa eman zion eta ondorioz, txanda bakoitzeko hiru orduko lanuzteak proposatu zituen, langile guztiak bildu ahal izateko.

Azkenean, uda igaro ondoren egingo dute batzorde hau, momentuz datarik zehaztu ez badute ere. Hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioei buruzko informazioa eskaintzea litzateke batzar honen asmoa. Egun, harremanak apurtutzat jo dituzte, soldatak % 10 murriztearen proposamena mantentzea zuzendaritzak erabaki zuenetik.

Gainera, mobilizazio berriak nahiz presioa egiteko bestelako neurriak egingo dituzten erabakiko dute batzar horretan.

Gauzak horrela, asteazken honetarako eta datorren asteko ostegunerako Posta Plazan aurreikusita zeuden kontzentrazioak mantentzea erabaki dute, "bidezko hitzarmen" bat aldarrikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea