Ekonomia -
241 langile, kaltetuta
'Langile guztientzako irtenbide bat' eskatu du ABBko batzordeak
"Guztientzako lana ahalbidetzen duen akordio bat" lortzearen alde agertu dira Bizkaiko enpresako ordezkari sindikalak. Aste honetan bukatuko da lan-erregulazioko planaren inguruko negoziazioa.
Erredakzioa
Trapagarango (Bizkaia) Asea Brown Bovery (ABB) lantegiko enpresa batzordea langile "guztientzako lana ahalbidetzen duen akordio bat" lortzearen alde azaldu da. Aste honetan bukatuko da zuzendaritzak aurkeztu zuen lan-erregulazioko planaren inguruko negoziazioa.
Asteartean ekin diote berriz sindikatuek eta zuzendaritzak negoziazioari, Zaragozan bilduta, baina Javier Mentxaka enpresa batzordeko presidentearen arabera, "ez dago aldaketarik". Horren hitzetan, sindikatuek lanpostuak dituzte buruan, baina zuzendaritzak "70 lanpostuko plan bat aurkeztu zuen lehen egunean eta 70 lanpostu eskaintzen jarraitzen du gaur egun"; beraz, arlo honetan ez da "aurrerapausorik" izan. Aurretiko erretiroei eta sustatutako bajei dagokienez, berriz, "aurrerapauso txiki bat" izan da.
Teknologia elektrikoen eta automatizazioen alorrean lan egiten duen ABB enpresaren lan-erregulazioak 241 langileri eragiten die Espainia osoan eta 160ri Bizkaian. Trapagarango lantegian transformadoreak egiten dituen lineako langileei eragin die erregulazio-planak, baina horietako batzuk gerora beste lanpostu batzuetan jarri nahi dituzte.
"Lanbide askori irtenbide traumatikoa" eskainiko dioten beldur agertu da Mentxaka; izan ere, Espainiako beste lantokiren batera bidaltzeko asmoa aztertzen ari omen dira. Enpresa batzordeko presidentearen esanetan, ABBko langileak "lanpostuen alde borrokatzeko prest" daude. Gaur, esate baterako, manifestazioa egin dute Bilbon, eta datorren ostegunean beste bat egingo dute.
Enpresa batzordeak azpimarratu duenez, Trapagarango lantegiak irabaziak izan ditu azken urteetan -30 milioi euroko irabaziak, horien datuen arabera-, eta "ordain bezala espediente hori aurkeztu izana" deitoratu egin du.