Ekonomia -

Bigarren hiruhilekoan

Euskadiko kontsumitzaileen konfiantza 10 puntu jaitsi da

Ekonomiaren hondatzeak, langabeziaren hazkundeak eta aurrezteko zailtasunek eragin dute beherakada hau. Gainera, egoerak okerrera egingo duela uste dute kontsumitzaileen erdiak.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko kontsumitzaileen konfiantza 10 puntu jaitsi da urteko bigarren hiruhilekoan, ekonomiaren hondatzeak, langabeziaren hazkundeak eta aurrezteko zailtasunek bultzatuta. Halaber, kontsumitzaileen erdia inguruk uste du hemendik urtebetera egoera okerragoa izango dela.

"Azken hilabeteetan Euskadiko kontsumitzaileen aurrezteko eta kontsumitzeko gaitasuna moteldu egin da, eta etorkizun hurbil batean, baliteke aldagai hauek okerrera egitea eta euskal familien ekonomietan eragin negatiboa izatea", Euskadiko eta Nafarroako Aurrezki Kutxen Federazioak hiru hilean behin kontsumitzaileen konfiantza ezagutzeko egiten duen azterketaren arabera.

Gauzak horrela, Euskadiko kontsumitzaileen konfiantza 81 puntutan kokatu da, krisia hasi aurretik baino 10 puntu gutxiago. Europar Batasuneko kontsumitzaileen konfiantza 87 puntukoa da (bat gutxiago) eta Espainiar estatukoa 79 puntukoa (bat gutxiago).

"Aurrezteko aurreikuspenek behera egin dute nabarmen"

Halaber, kontsumitzaileek "jaitsiera nabarmena" nabaritu dute aurrezteko aurreikuspenetan (83 puntu, 15 gutxiago). Galdetutakoen % 58k uste dute datozen hilabeteetan ezingo dutela ezer aurreztu.

"Euskadiko kontsumitzaileen konfiantzaren egungo mailak eta horren garapenak argi utzi dute jada hiru urte eta erdi bete dituen krisi hau hainbat alorretan eragiten ari den ondorioak nola nabaritzen ari diren", txostenean bertan jasotzen denez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea