Ekonomia -
Petrolio faltagatik
NEAk 60 milioi petrolio-upel aterako ditu erreserbetatik
Ez-ohiko neurria da, Nazioarteko Energia Agentziak bere historian bi alditan baino ez duelako horrelako erabakia hartu.
Erredakzioa
Nazioarteko Energia Agentziak 60 milioi petrolio-upel aterako ditu bere erreserba estrategikoetatik datozen 30 egunetan, Libiatik heltzen den petrolio faltari aurre egiteko eta uda hasieran, kontsumoak gora egiten duen garaian, hornikuntza-arazoak ekiditeko.
Nazioarteko Energia Agentzia 28 herrialdek osatzen dute eta estatu bakoitzeko bi milioi petrolio-upel aterako ditu bere erreserbetatik. 30 egun barru gobernu-bilera egingo dute erabaki horrek merkatuan ze eragin izan duen aztertzeko eta hortik aurrera zer egin erabakitzeko. NEAko arduradunek ez dute aurreratu nahi izan epe hori igarota zer gerta daitekeen eta itxaroteko deia egin dute. Erabaki hau ez-ohikoa da, izan ere, Nazioarteko Energia Agentziak bere historian bi aldiz baino ez du horrelako neurri bat hartu: lehendabizikoa, 1991an izan zen, Irakek Kuwait inbaditu zuenean; eta bigarrena, 2005ean, Katrina urakanak Mexikoko Golfoa astindu zuenean.
NEAren arabera, erabaki hori ez da politikoa, ez da petrolioaren prezioa jaisteko asmoz egin eta Greziako krisiak eragindako zorrari aurre egiteko neurriekin ez dauka zerikusirik. Joan den martxotik Libiak bizi duen gerrak herrialde horren petrolio-esportazioak gelditzea eragin du eta geldialdi horrek eragindako arazoak gero eta nabarmenagoak direlako jarri dute indarrean aipatu neurria. 60 milioi upel horietatik, 30 milioi AEBetako erreserba estrategikoetatik aterako dira, % 30 Europako herrialdeetatik eta gainerakoa Japonia eta Hego Koreatik.