Ekonomia -

Pentsioak

Pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko eskatu diote Nafarroako Parlamentuari

Ehunka pentsiodun elkartu dira Iruñean protesta egiteko, euren aldarrikapenak biltzen dituen txostena Parlamentuaren esku utzi aurretik.

Pentsiodunen protesta, Iruñean. Argazkia: Efe
Pentsiodunen protesta, Iruñean. Argazkia: Efe
Pentsiodunen protesta, Iruñean. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako pentsiodunek pentsio baxuak 1.080 eurora arte osatzeko eskatu diote Parlamentu nafarrari, Espainiako Gobernuak gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa dela ezarri arte.

Nafarroako pentsiodunek txosten bat helarazi diote Parlamentuari euren aldarrikapen guztiekin, pentsio duinak edukitzeko helburuarekin, Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoiak sustatutako ekimen baten baitan.

Dokumentu hori eraman aurretik, ehunka pentsiodun elkartu dira Udaletxe plazan eta manifestazioa egin dute “lapurrak erakundeetatik kanpora”, “ez da krisia, kapitalismoa da” eta “terrorismoa hile amaierara ez iristea da” oihu artean.

Beste aldarrikapen batzuen artean, pentsiodun nafarrek mendekotasun arreta hobetzea, bakarrik dauden pertsonen etxeko arretarako laguntzak handitzea eta osasun sektoreko itxaron zerrendak murriztea ere eskatu dute.

Lurralde osoan adinekoentzat erresidentzia publiko sarea osatzea eta maila ekonomiko guztietako herritarrek erabiltzeko modua izatea eskatu dute, eta farmaziako koordainketara bideratutako diru-laguntza gehiago izatea.

Era berean, Nafarroako Gobernuak eta energia enpresek egindako akordio egitea eta horri esker energia bonuak banatzea galdegin dute, 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenentzat garraio publikoa doakoa izatearekin batera.

Nafarroako Parlamentuaren mugen jabe direnez, gutunean eskatzen dute Espainiako Gobernuari exiji diezaiotela Gizarte Segurantzako aurrekontua Estatuko Aurrekontu Orokorrean sartzea.

Gainera, pentsioak gutxienez KPIren pare igotzea, eta Iraunkortasun Faktorea eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformen alderdi atzerakoienak bertan behera uztea aldarrikatu dute.

Genero arrakalaren harira, berriz, senideak zaintzeagatik edo seme-alabengatik lana uzten duten emakumeei epe horren kotizazioa ematea eta etxean lan egiten dutenei ere pentsioa aitortzea eskatzen dute.

Pentsiodunek esan dute badakitela aldarrikapenak betetzeko lan erreforma atzera bota behar dela, eta gutxieneko soldata 1.200 eurora igo.

Horretarako, zerga erreforma proposatu dute, iruzurra jazartzea, eta azpiko ekonomia azaleratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Pentsioak