Ekonomia -
Osalanen balantzea
Lan-istripuek gora egin dute EAEn, baina behera hildakoen kopuruak
Iazko epe berean baino % 8,2 istripu gehiago izan dira urteko lehenengo 11 hilabeteetan, baina iaz baino 7 behargin gutxiago hil dira (28).
agentziak | erredakzioa
EAEko lan-istripu kopurua % 8,2 hazi da 2019ko urtarriletik azarora iazko epe beraren aldean, baina arinen kopuruak egin du gora gehien, hildakoak 28 izan baitira, eta 35 izan ziren.
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak eman ditu datuok, urteko lehenengo 11 hilabeteetako informazioa jasota.
Estatistika horien arabera, 34.182 lan-istripu izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azaro amaiera arte, lanaldian eta in itineren. Iazko epe berean baja eragin zuten 31.567 ezbehar izan ziren.
Istripu gehien gehienak (33.967) arinak izan ziren; larriak, 187; eta 28, hildakoak (4 in itineren). Iaz 199 larri eta 35 hildako izan ziren denbora tarte horretan.
Bestalde, Osalanek eragin indizearen berri ere eman du, hau da, mila langileko izan den istripu kopurua: aurten 32,52an kokatu da indize hori, iaz baino ia hiru puntu gutxiago.
Istripu kopuruak gora egin badu ere, indizeak behera egin du, langile gehiago dagoelako iaz baino.
Mende hasieratik izan den joeraren berri ere eman du Osalanek, 2001ean indizea 76,36koa baitzen mila langileko.