Ekonomia -
Estatuaren egoera
Zapaterok hipoteka ordaindu ezin dutenentzako neurriak iragarri ditu
Azken hiruhilekoan urte arteko BPG % 1,5etik gora haziko dela jakinarazi du. Erkidegoei gastuaren muga ezartzeko araua proposatuko omen du uztailean.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du datozen asteetan Gobernuak hipotekak ordaindu ezinik daudenak babesteko neurriak hartuko dituela, baina ez du zehaztu zeintzuk izango diren.
Dena dela, "segurtasun juridikoa eta maileguak eman dituztenen kaudimena bermatuta" egongo direla azpimarratu du.
BPG % 1,5etik gora haziko da
Estatuaren egoerari buruzko eztabaidan, Zapaterok esan du Barne Produktu Gordina % 1,5 haziko dela azken hiruhilekoan iazko garai beraren aldean.
Zapaterok azaldu duenez, Espainiako ekonomia hazi egin da azken bost hiruhilekoetan, baina susperraldia "mailakakoa eta mantsoa" dela aitortu du, eta 2011ko bigarren erdialdean hasiko omen da bizkortzen.
"Susperraldia oraindik mantsoegia da lanpostu garbiak sortzeko. Berriro esango dut, hori gertatzen den arte, ezingo dugu krisitik atera garela esan", azpimarratu du.
Erkidegoen gastu muga
Zapaterok jakinarazi du uztailean, Zerga eta Finantza Politikaren Kontseiluan, erkidego autonomiei gastu muga bat ezartzeko arau bat proposatuko duela, eta Estatuan eta udaletan onartuko duenaren antzekoa izango dela.
Horren harira, "datozen asteetan" Estatuaren eta udal erakundeen gastuari buruzko araua Kongresura eramango duela iragarri du.
Zapateroren esanetan, defizita 2011n % 6era murriztea "oso lan zaila" da eta "esfortzua banatzera" behartzen ditu administrazioak. "Horretarako, behar beharrezkoa da denon konpromisoa, eta erkidegoena bereziki", adierazi du Zapaterok, zergaren inguruan ardura eskatu aurretik.
Gainera, gobernuburuak aitortu du lehenengo hiruhilekoari buruz erkidego batzuetatik jaso dituzten datuek "kezka" eragin dutela eta defizita murrizteko neurriak "zorrotz" bete beharko direla horri aurre egiteko.
Erreformak
Gobernuko presidentearen arabera, "behar den guztia" egingo dute krisitik ateratzeko, baina "gure lan merkatuaren oinarrizko oreka soziala eta konstituzionala hautsi gabe beti ere".
Lehiakortasuna hobetzeko eta hazkundea eta enplegua sustatzeko, lan erreforma aipatu du, baina aitortu du erreformak ezingo duela "bere indar dinamizatzaile guztia abian jarri jarduera ekonomikoa gehiago suspertzen den arte".
Gainera, negoziazio kolektiboaren erreforma babestu du, enpresako lan-hitzarmenen negoziazioari mesede egiten diolako, iraungitako lan-hitzarmenak berehala berritzeko aukera ematen duelako eta beste hainbat abantaila ematen dituelako "norbanakoen eta kolektiboen eskubideak urratu gabe".
Berankortasuna, enpresa ertain eta txikiak, higiezinen trafikoa, Aena
Higiezinen alorrean segurtasuna bilatzeko neurriak, enpresari berriei laguntzeko neurriak eta enpresa ertain eta txikiek, autonomoek eta udal erakundeek bereziki pairatzen duten berankortasunari aurre egiteko arauak ezarriko dituela hitz eman du.
Zapaterok esan du "ekimen berri horiek" dagoeneko hartutako konpromisoak betetzeko izango direla eta tartean egongo direla lege proiektuen behin betiko onarpena (pentsioen erreforma, etxeko langileak erregimen orokorrean sartzea, etab.).
Gainera, dagoeneko onartuta dauden lege batzuk garatzeke daudela ere esan du, enplegu politika aktiboak, lanbide heziketa eta Aenaren erreforma besteak beste.
Legea beteko da Bilduren udaletan
Bestalde, Zapaterok ETAren kontrako borrokari eusteko konpromisoa hartu du eta herritarren "oinarrizko eskubide guztiak errespetatzeko" lan egingo omen du erakundeetan, udaletxeetan bereziki "legea betearaziko" du.
Gainera, Auzitegi Konstituzionalaren erabakien kontrako kritikak salatu ditu eta epaitegiko epaileak berritzeko atzerapena "onartezina" dela esan du.
Biktimak
"Terrorismoaren biktimekiko errekonozimenduaren, errespetuaren eta estimuaren alde" ere lanean jarraituko duela esan du. Horretarako, gainerako alderdien babesa edukiko duela espero du. Horren harira, izapide prozesuan dagoen Biktimen Legea onartzeko haien babesa eskatu du.