Ekonomia -
Finantza erreskatea
Greziako egoera bideratzeko 'B planik' ez dagoela esan du Barrosok
Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak, berriz, datozen orduak Euroguneko egonkortasunerako "erabakigarriak" direla adierazi du eta greziako diputatuei arduraz jokatzeko eskatu die.
Erredakzioa
Greziako parlamentuak Europar Batasunak eta Nazioartek Diru Funtsak akordatutako 28.000 milioi euroko doitze plana onartzen ez badu "ez dago B plana", horixe aitortu du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak gaur.
"Dagoen plan bakarra Kontseiluak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak mahai gainean jarritakoa da", azaldu du Durao Barrosok eta garbi utzi du horren alternatiba bakarra "hondamendia" dela.
Bestalde, Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidente iraunkorrak ohartarazi du datozen orduak "erabakigarriak" izango direla Eurogunearen eta munduko ekonomiaren egonkortasunerako. Horren harira, Greziako diputatuei arduraz jokatzeko eskatu die.
"Datozen orduak erabakigarriak izango dira, ez greziarrentzat bakarrik, Eurogunearentzat ere bai, eta baita munduko ekonomiarentzat ere", azaldu du van Rompuyek Europako ganberan, lehengo astean egin zuten goi bileraren gaineko balorazioak ematerakoan.
Europar Batasunak Atenasek behar duen 12.000 milioi euroko laguntzari blokeoa kentzeko jarritako baldintza doitze plana onartzea da. Gainera, Europako liderrek greziarrei 100.000 euroko beste erreskate bat emango diela zin egin die, beti ere 2014 arteko finantzazio beharrei aurre egiteko.