Ekonomia -
Urte berria
Prezioen gorabeherak, 2020ko hasieran: gasa, trena, argindarra, bidesariak…
Pentsioek, lanbide arteko gutxieneko soldatak eta langile publikoen soldatak ez dute oraingoz aldaketarik izango. Erretiro-adina, berriz, bi hilabete atzeratu da 65 urte eta 10 hilabetera arte.
Agentziak | Erredakzioa
2020 ekitaldia gas naturalaren salneurriaren beherakada batekin eta Renfeko tren txartelen gorakadekin hasi da. Argindarrak, ostera, ez du aldaketarik izango oraingoz.
Era berean, pentsioek, lanbide arteko gutxieneko soldatak eta langile publikoen soldatak ez dute oraingoz aldaketarik izango, Espainiako Gobernu berria osatu arte behintzat. EAEn, ordea, langile publikoen soldatak % 2 igoko direla aurreratu du Eusko Jaurlaritzak. Erretiro adina, berriz bi hilabete atzeratuko da, 65 urte eta hamar hilabetera arte.
Energiaren esparruan, gas naturalaren azken tarifa batez beste % 4 merkatuko da, lehengaiaren salneurriak behera egin duelako.
Gas naturalaren prezioak hiru hilerik behin berrikusten dituzte, baina lehengaiaren kostua % 2 baino gehiago igo edo jaisten denean soilik.
Butano-botilaren salneurria ez dute urtarrileko hirugarren asteartera arte aztertuko. Azken eguneratzean, azaroan, % 4,86 egin zuen gora, 12,74 eurotan kokatuz, prezioa bost aldiz jarraian jaitsi ondoren.
Argindarrari dagokionez, lehen seihilekoan behintzat, behera egingo du pixka bat, baina handizkako merkatuaren mende dago, ordainagiriaren herenari baino gehiagori eragiten diona. Argiaren ordainagiriaren zati arautuari dagokionez, beste urte batez izoztu dute, sarbideen bidesariak eta karguak zehazteko metodologia finkatu arte.
Garraioari dagokionez, tren txartelen garestitze batekin hasi da urtea: abiadura handiko trenaren (AVE) eta distantzia ertain zein luzeko tren arrunten txartelak % 1,1 egin dute gora; abiadura handiko distantzia ertaineko zerbitzuak % 1,2 garestitu dira; eta aldiriko trenen prezioak % egin du gora, 2015az geroztik aldaketarik izan gabe egon ondoren.
Hala ere, bidaia anitzeko txartelen (10 bidaia edo gehiago) salneurriak bere horretan jarraitzen du. Beraz, praktikan, ohiko bidaiarientzat txartelen salneurria izoztuko da.
Aireko garraioari dagokionean, aireportuetako tasek % 1,44 egingo dute behera martxoaren 1etik aurrera. Konpainiek Aenari ordaintzen dizkiote aireportuetako zerbitzuak erabiltzearen truke (pistak, zaldainak, hegazkinen aparkalekua edo segurtasun zerbitzuak).
Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak onartutako jaitsiera Aenak proposatutakoa (% 1,17) baino handiagoa da.
Estatuko autobideen bidesariei dagokionez, nahiz eta Sustapen Ministerioak oraindik 2020rako gorakadarik ez duen ofizialki baieztatu, sektoreko iturriek % 0,84koa dela aurreratu dute.
Bidesariek ere 0,03 zentimo eta 0,05 zentimo arteko igoera txikiak jasan dituzte, A8an eta Artxandako tuneletan gertatzen den bezala.
Telekomunikazioen esparruan, konpainia nagusiek (Telefonica, Vodafone, Orange eta MasMovil) hileko linea kuota igotzeko asmorik ez dute 2020an, ezta linea mantentzeko kostuen faktura ere.
Azkenik, nahiz eta etxebizitzaren salneurriak arauturik ez izan, enpresen eta adituen arabera, % 3-4 egingo dute gora, eta alokairuek % 4-6.