Ekonomia -
AEB
Defizita murrizteko ekimenak eskatu dizkio Kongresuari Obamak
Zorraren muga handitzeko akordio bat lortzen ez baldin badute eta historian aurrenekoz luzamendua ezartzen bada ondorioak "garrantzitsuak" izan daitezkeela ohartarazi du AEBetako presidenteak.
Erredakzioa
Defizita murrizteko akordio bat beharrezkoa dela esan dio gaur Kongresuari Barack Obama AEBetako presidenteak. Horretarako aberatsen zergak igotzea proposatu du agintariak, baina AEBetan luzamendurik inork ez duela nahi errepikatu du.
Aberatsei eta petrolio enpresei zergak igotzea proposatu du Obamak. "Ideia erradikala denik ez dut uste. Mundu guztia horrekin ados dagoela uste dut", adierazi du buruzagiak.
Une honetan defizita murrizteko elkarrizketak loka daude. Defizitaren murrizketak zorra handitzea ahalbidetuko luke, izan ere, orain 14,29 bilioi dolarretan finkaturik dago.
Zorpetzea areagotzeko akordioa abuztuaren 2a baino lehen lortu ezean, Gobernuak bere fakturak ezin izango ditu ordaindu, Etxe Zuriak ohartarazi duenez. Zorraren muga handitzeko akordio bat lortzen ez baldin badute eta historian aurrenekoz luzamendua ezartzen bada ondorioak "garrantzitsuak" izan daitezkeela ohartarazi du Obamak.
AEBek hartu behar diuen neurri "garrantzitsuenen" artean dago defizita murriztea, presidenteak errepikatu duenez.
Elkarrizketak
Zentzu horretan, Joe Biden AEBetako presidenteordeak Kongresuko buruzagiekin elkarrizketak hasi ditu eta jarrerak hubiltzeko balio izan dute, baina "gehiago egin" behar dela errepikatu du Obamak.
"Erabaki zail" batzuk hartzea beharrezkoa da, Obamaren ahotan, defentsarako aurrekontua murriztea esaterako.
Aberatsen, petrolio konpainien eta hegazkin pribatuetan bidaiatzen diren exekutiboen abantaila fiskalak mantentzea ezin dute onartu AEBek, Obamaren esanetan.