Ekonomia -
Lehiakortasunaren konferentzia
Euskadi krisitik ateratzen ari dela uste du lehendakariak
Patxi Lopezek neurri berriak iragarri ditu aberastasuna herritarren artean modu orekatuagoan banatzeko.
Erredakzioa
Euskadi krisitik ateratzen ari dela uste du Patxi Lopez lehendakariak, baina neurri berriak iragarri ditu aberastasuna modu orekatuagoan banatzeko herritarren artean.
Krisiaren azken txanpa dela-eta Euskadik lider ekonomikoa izateko gaitasuna duela esan du lehendakariak. Donostian egin den Lehiakortasunari buruzko konferentzian egin ditu adierazpenak Lopezek.
Buruzagiak lankidetza eskatu die euskal erakunde eta alderdiei, besteak beste, zerga, lan eta gizarte politiketan datozen egunetan Eusko Jaurlaritzak jakinaraziko dituen ekimenak aurrera ateratzeko.
Barne produktu gordinaren gorakada, langabeziaren gutxitzea edota turismoaren "datu historikoak" goraipatu ditu Lopezek. "Gurean eta atzerrian lidergoa duten euskal enpresak, edota, esaterako, hiru hiriburuek azken hilabeteetan jaso dituzten onarpenak" ere aipatu ditu.
"Egungo egoera ez da oparia, lan etengabe baten fruitua da, Jaurlaritzarena eta gizartearena", adierazi du lehendakariak. "Esfortzuak jarraitu" behar duela erantsi du.