Itxi

2020/01/30

06:13

Ekonomia

U30 greba orokorra

Abian da pentsio duinak eta eskubide sozialak aldarrikatzeko greba orokorra

eitb.eus

'Lana, pentsioak eta bizitza duinak!' lelopean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 101 mobilizazio deitu ditu. Martxa nagusiak Hegoaldeko lau hiriburuetan izango dira, goizez eta arratsaldez.

  • U30eko grebaren antolatzaile batzuk.

    U30eko grebaren antolatzaile batzuk. EiTBko bideo batetik hartutako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Hasi da pentsioen, enpleguaren eta eskubide sozialen aldeko greba orokorra. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan jarraipen zabala izatea espero da. Sindikatuek eta gizarte mugimenduek osatutako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu ditu lanuzteak, eta, besteak beste, pentsiodunen mugimendu garrantzitsuen babesa du deialdiak.

Antolatzaileek salatu dutenez, gaur egungo "eredu ekonomiko eta soziala jasanezina" da, agintariek "aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa eta bidegabeagoa" egin dutelako. Ildo horretatik, lan arloko "prekarietatea egiturazko arazoa" dela ziurtatu dute, eta 2012an bezala egindako erreformekin herritarren arteko desberdintasunak areagotzen ari direla. Izan ere, "erreformek langabezia, behin-behinekotasuna eta erosteko ahalmenaren galera eragin dute, besteak beste".

Gainera, pentsio publikoetan ere etengabe murrizketak egin direla gogorarazi du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, 2011 eta 2013ko pentsio erreformak aipatuz. Horrek, "pentsio berriak murriztea, erosteko ahalmena galtzea eta erretiratzeko adina atzeratzea ekarri du".

Hori dela eta, eguneroko bizitza bera ere arriskuan jartzen ari direla salatu dute, "egitura kolektibo eta publikoak prekarizatuz eta babes sozialerako sistema eraitsiz", adibidez, egungo osasun-sistema, prestazio sozialak, edo etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea.

Egoera hori konpontzeko, "lan-baldintzak duintzen lagundu dezaketen neurri zehatzak" eskatu dizkiete agintariei: Lanaldia asteko 35 ordura murriztea, hilabetean 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren arabera igotzea, besteak beste. Horrez gain, etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzea, soldata-arrakalarekin amaitzea eta azpikontratazioetan enplegua eta lan-baldintzak bermatzea ere eskatzen dute.

Mobilizazioak: orduak eta tokiak

'Lana, pentsioak eta bizitza duinak!' lelopean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 101 mobilizazio deitu ditu, "kaleak jendez bete eta aldarrikapen horiek ozen entzun daitezen". Martxa nagusiak Hegoaldeko lau hiriburuetan egingo dituzte, goizez eta arratsaldez:

- Bilbo: Zutabeak 11:45ean abiatuko dira Errekalde Zumarkaletik, Deustutik eta Jesusen Bihotzetik, eta manifestazio nagusia 12:30ean hasiko da, Moyuan (Plaza Eliptikoa), eta udaletxe aurrean amaituko da. Arratsaldeko manifestazioa 18:00etan hasiko da, leku berean (Moyua).

- Donostia: Zutabeak Gros, Amara eta Antiguatik aterako dira, 11:45ean. Manifestazio nagusia 12:00etan hasiko da Artzain Onean, eta Boulevard Zumardian amaituko da. Arratsaldean, 18:30ean, Boulevard Zumardian hasiko da.

- Gasteiz: Manifestazio nagusia 12:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik. Arratsaldean, berriz, Andre Maria Zuriaren plazan hasiko da martxa, 18:00etan.

- Iruñea: 11:00etan abiatuko dira zutabeak Sanduzelai, Berriozar, Txantrea, Arrotxapea, Atarrabia, UPNA eta Barañaindik. Manifestazio nagusia Gazteluko plazatik aterako da, 12:00etan. Arratsaldez, 17:00etan, autobus geltoki zaharretik.

Pentsiodunen arteko desadostasunak

Dena dela, euskal pentsiodun guztiak ez datoz bat osteguneko grebarekin, eta kolektibo guztiek ez dute deialdia babesten. Horietako batzuek "guztien izenean hitz egin zuen pentsiodunen mugimenduaren korronte bat" salatu dute, haien ustez, ELA eta LAB sindikatuen babesa baitu.

UGT Euskadik, berriz, ez du bat egiten "ez edukiekin, ez greba egiteko aukeratutako unearekin". Dena dela, Euskadiko pentsiodunen mugimenduak deitutako pentsio sistema publikoaren aldeko mobilizazioei babesa eman die sindikatuak.

UGT Euskadiren iritziz, deialdiak "EAEko hauteskundeetarako kanpaina politiko baten lehen ekitaldia dirudi, gauzak aldatzeko ahalegin serioa izan ordez". Gainera, ez du ulertzen greba orain egitea, Espainiako Gobernuak 2013ko pentsioen erreforma eta lan erreformen alderdirik lazgarrienak bertan behera uztea proposatu duenean.

CCOO Euskadik ere ez du grebarekin bat egingo, deialdi horrek euskal pentsiodunen mugimendua zatitu egin duela uste baitu. "Gaur egun, greba presaka antolatu dela eta testuingurutik kanpo dagoela uste dugu, are gehiago mahai gainean gobernu aurrerakoi baten akordioa badago".

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek, berriz, greba babesten dute, beste talde feminista, ekologista eta gazteekin batera.

Patronala eta alderdi gehienak, grebaren aurka

Bestalde, deialdia "ulertezina, bidegabea eta nahiko arduragabea" dela uste du Eduardo Zubiaurre Confebask enpresaburuen patronaleko presidenteak, eta "Euskadin dauden baldintza sozioekonomikoak" izanda "ez da beharrezkoa", horren arabera.

Halaber, EAJko, PSE-EEko, Elkarrekin Podemoseko eta PPko bozeramaileek "greba politikoa" dela esan dute, EAEn "hauteskunde urtea" baita. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren aburuz, berriz, "ez dago greba egiteko arrazoirik".

EH Bilduk, ostera, bat egin du greba orokorrarekin, kalera ateratzeko "hamaika arrazoi" daudela iritzita.

"Prekarietatearen aurrean, bizi-baldintza duinak aldarrikatzen ditugu. Urtarrilaren 30ean kalera aterako gara erabaki politikoen erdigunean bizitza jartzeko eta hauek ez egoteko elite ekonomikoen interesen menpe. Kalean izango gara herri duin batean bizitza duin bat aldarrikatzeko", esan zuen Asier Iza EH Bilduko ordezkariak.

Horren hitzetan, oraindik "lan asko dago egiteko" herritarrek "bizi-baldintza duinak" lor ditzaten. Koalizio subiranistaren zinegotziak Eusko Jaurlaritzaren datuak aipatu zituen horren erakusle: "Pobrezia % 46 igo da Euskal Autonomia Erkidegoan azkeneko urteetan, eta 200.000 pertsona pobrezia arriskuan daude. Pentsionisten erosteko ahalmenak % 6 egin du behera. Sinatzen diren kontratuen % 92 behin-behinekoak dira eta hainbat herritan, Sestaon adibidez, langabezia tasa % 18koa da".

Gutxieneko zerbitzuak

1.500 langile batzordek baino gehiagok bat egin dute jada deialdiarekin, eta Eusko Jaurlaritzak aurreko lanuzteen antzeko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Horrela, garraiobide publikoetan gutxienez % 30 ibiliko dira. Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan jaiegunetako zerbitzua emango dute, eta anbulatorioetan, larunbatetakoa. Hezkuntza arloan, ikastetxe ez unibertsitarioetan gutxienez bi behargin egon beharko dira (eskolak zabalik daudela bermatu beharko dute), eta EHUn, langile bat.

Osasun arretari dagokionez, ospitaleetan senda-agiriak eman ahalko dituzte, eta aurretik hitzartutako edota atzeraezinak diren dialisi eta tratamendu onkologikoak emango dira. Larrialdi, sukalde eta garbiketa zerbitzuetan, "bakarrik beharrezkoak diren langileak" egongo dira. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;