Ekonomia -
DIRULAGUNTZAK
Ibilgailuen Renove plan berria jarriko du martxan Jaurlaritzak ostegun honetan
Iazko planarekin alderatuta, berritasuna da gasolina eta diesel ibilgailuentzat mila eurora jaisten dela dirulaguntza, erretiratutako ibilgailuen kopurua bikoizteko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
EAEn beste Renove plan bat izango da bihartik aurrera, 10 urtetik gorako ibilgailuak zirkulaziotik kentzeko asmoz ibilgailu berriak erostea sustatzeko. Plan horren berritasuna da auto bakoitzeko laguntza erdira jaitsiko dela, txatartegira bidalitako ibilgailuen kopurua bikoizteko.
Javier Zarraonandia Industria sailburuordeak eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendariak aurkeztu dute laguntzen programa, iaz 2.411 ibilgailu zahar eraginkortasun handiko beste batzuekin ordezkatzea ahalbidetu zuen planaren hurrengoa. Ibilgailu berriek A energia-klasekoak izan behar dute.
Ibilgailu bakoitzeko laguntza 1.000 eurokoa izango da auto salduenentzat (gasolina eta diesela), iaz laguntza hori 2.000 eurokoa izan zen arren, planerako diru berarekin (bost milioi euro) txatartegira bidaliko diren autoen kopurua bikoizte aldera.
Gutxi gorabehera 5.000 ibilgailu zahar errepideetatik ateratzea ekarriko luke, EAEko urteko salmenten % 10 baino gehiago, ia 40.000 ibilgailu matrikulatzen baitira urtero bertan.
Gainerako baldintzak iazko planaren antzekoak dira: neutraltasun teknologikoa mantentzen da, hau da, motor teknologia guztientzako laguntzak egongo dira, elektrikoak edo hibridoak izan, zein hidrogeno, gas natural, gasolina edo diesel bidez ibili, baina dirulaguntzak handiagoak edo txikiagoak izango dira horren arabera.
3.000 euroko laguntza (handiena) elektrikoentzat eta hidrogenozkoentzat izango da, merkatuan gutxien daudenentzat. Diesel eta gasolina erabiltzen dutenentzat, berriz, 1.000 euroko laguntza izango da.
Erosiko diren autoek 25.000 euro baino gutxiago balio beharko dute, elektrikoek 40.000 baino gutxiago eta furgonetek ez dute mugarik izango.
Ordezkatu beharreko turismoek gutxienez 10 urte izan beharko dituzte, eta furgonetek gutxienez 7 urte beteta.
Plana bihar, osteguna, sartuko da indarrean, 08:00etan, asteazken honetan argitaratu baita Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Ez da aldez aurretik iragarri salmentetan geldialdirik ez eragiteko.
Ondorioz, bihartik aurrera matrikulatu eta ordaindutako ibilgailu guztiek jaso ahal izango dute laguntza.
Bestalde, horiek saltzerakoan iruzurrak saihesteko, baldintza bat jarri dute: eroslea txatartegira eraman beharreko ibilgailuaren jabea izan behar zen 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen.