Ekonomia -

U30 greba orokorra

Greba, masiboa sindikatuentzat eta porrota Gobernuarentzat eta patronalarentzat

Deitzaileen esanetan, lanuztea "oso arrakastatsua" izan da, eta mobilizazioak "masiboak" izan dira. Jaurlaritzak eta patronalak "helburuak bete ez izana" leporatu diete.

Greba orokorra Gasteizen. Argazkia: ELA
Greba orokorra Gasteizen
Greba orokorra Gasteizen. Argazkia: ELA

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetako EAEko greba orokorrak "jarraipen masiboa" izan du sindikatuen arabera. Eusko Jaurlaritzarentzat, patronalarentzat eta EAJrentzat, berriz, "porrota" izan da.

Mobilizazioak goizean izan dira garrantzitsuak bereziki. Milaka pertsona irten dira kalera hiriburuetan.

Hori dela eta, sindikatuek esan dute greba "oso arrakastatsua" izan dela, eta mobilizazioak "masiboak" izan direla. Sindikatuen esanetan, eguerdiko martxetan 140.000 pertsona batu dira hiriburuetan, grebaren jarraipena oso zabala izan da sektore publikoan, eta nabarmentzekoa izan da denda, zerbitzu eta enpresetan.

Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak, patronalak eta EAJk eragina txikiagotu dute, eta "porrota" izan dela adierazi dute.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du grebak 2013ko irailekoak baino hamar puntu gutxiagoko jarraipena izan duela langile publikoen artean.

"Norbaitek Administrazioaren etsipen orokorra lortu nahi izan badu, ez du bere helburua lortu", esan du Erkorekak.

SEA Arabako patronalaren esanetan, greba "porrota" izan da (EAJk erabili duen hitz bera erabili du), eta jarraipen "oso mugatua" izan du, sektore publikoan zein pribatuan.

Greba orokorraren jarraipena, sindikatuen arabera

11:00ak jota, sindikatuek eta lanuztea deitu duten erakundeek nabarmendu dute Euskal Eskola Publikoan greba % 65eko jarraipena izaten ari zela, eta Osakidetzan Lehen Mailako Arretan eragin "oso handia" izan duela. Gainera, ziurtatu dutenez, zerbitzu publikoetan eta merkataritzan jarraipena gero eta handiagoa izan da, egunak aurrera egin ahala. Industrian, aldiz, goizetik izan du eragin nabarmena.

Sindikatuen esanetan, industria-sektorean ekoizpena geldirik izan da, eta grebaren hasieratik zenbait enpresa handi eta hainbat industrialde itxita izan dira. Gipuzkoan, jarraipena "ia erabatekoa" izan da, eta jarraipena handia izan da Beasaingo eta Irungo CAF, Jaso, Irizar, ABB NIESSEN, Elay, Indar, Bellota, GKN Legazpi, Sapa, Murias eta Olaberriko eta Bergarako Arcelor Mittal enpresetan.

Bizkaian, Lucart, Ormazabal, Onduline, Tecnichapa, Cementos Lemona, Eika, Cikautxo, Gestamp, Cie Automotive eta Aludium enpresetan nabaritu da gehien.

Bilbo Handian, halaber, hainbat langilek egin dute bat grebarekin enpresa hauetan: Eldu, Construcciones Olabarri, Tecnia, Navacel, Lamincer, Arisawa, Mesa eta Arteche.

Araban, hauek nabarmendu dituzte: Condesa, Inauxa, Amurrio Ferrocarril, Envases Metalurgicos, Jez, Auria, SDA, Laminaciones Arregui, Guardian, Sidenor Legutio, Arcelor Agurain eta Froneri.

Sindikatuek adierazi dutenez, zerbitzu pribatuetan ere izan da jarraipen zabala. Udalerri askotan, merkataritza txikiak itxi egin du, eta gauza bera egin dute EAEko eskola- eta enpresa-jantoki askok.

Hainbat merkataritza-zentro handik, Donostiako Garberako Eroskik kasu, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako beste batzuek ere, ez dute ireki. Araban ere eragina handia izan da sektore horretan. Bilboko eta Pasaiako portuetan, "jarduera oso txikia da".

Bestalde, zehaztu dutenez, garraio publikoko "linea askotan" gutxieneko zerbitzuak izan dira, "guztiz gehiegizkoak". Ildo horretan, enpresek "neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak" ezarri dituztela salatu dute: "Grebarekin bat egiteko asmoa zuten hainbat jarri dituzte gutxieneko zerbitzutan". Eta osasun publikoan ere gertatu omen da.

Herri-administrazioan, Gipuzkoan, dozenaka udaletxe itxi dituzte, Beasain, Tolosa, Andoain, Lasarte-Oria, Arrasate eta Bergarakoak, esaterako, eta Bizkaiko eta Arabako batzuetan ere "jarraipen handia" izan du; Bilbon, Getxon, Agurainen eta Laudion, besteak beste. Donostian, jarraipena % 40koa izan da, gutxi gorabehera.

Haurreskolak Partzuergoan, langileen % 80k babestu dute greba, eta ikastoletan % 90ek baino gehiagok. EHUn, jarduera gehienak bertan behera utzi dituzte, eta Mondragon Unibertsitatean Enpresa Fakultatea eta Gizarte Zientzietako Fakultatea itxi dituzte.

EiTBn, telebista eta irrati publikoetan, "albistegiak eta grabatutako saioak bakarrik" eman dituzte, eta Gara, Berria eta Deia egunkariek ez dute alerik kaleratu.

Deitzaileek salatu dute Ertzaintza eta beste polizia-indar batzuk "debekuak, isunak eta oztopoak" jarri dizkietela "greba orokorrean parte hartu dutenei". Kargak izan dira Gasteizen, manifestari batzuen kontra, eta Basaurin ere erabili dute indarkeria hainbat grebalariren aurka, horien esanetan.

Halaber, gaitzetsi dutenez, hainbat erakundek "manifestazio- eta bilera-askatasunaren aurka" egin dute, "mobilizazio batzuetarako baimenik ez baitute eman", eta, besteak beste, Bilbon aurreikusita zeuden zutabe batzuen kasua nabarmendu dute.

Horien arabera, "greba orokor honen sendotasuna indargabetzeko saiakera politikoa izan da hori, baina erantzun jendetsua hori eragozten ari da".

Greba orokorraren jarraipena, administrazioaren arabera

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Administrazio Orokorrean izandako jarraipena % 16,9koa izan da; lanuztearen babesak, beraz, 10 puntu egin du behera 2013an egin zen azken greba orokorreko datuekin alderatuta. Josu Erkoreka bozeramailearen esanetan, "norbaitek desmobilizazio orokorra nahi bazuen, ez du lortu".

Jaurlaritzak adierazi duenez, Osakidetzan, goizeko txandan, langileen % 7,5ek babestu dute greba. Medikuen % 4,6k egin dute bat lanuztearekin, erizainen % 8,7k eta gainerako kategorietako langileen % 12,1ek. Nolanahi ere, Erkorekak nabarmendu du osasun-zentro guztiak egon direla zabalik.

Arratsaldean, jarraipena % 8,5era igo da. % 12,03koa izan da Araban, % 10,68koa Gipuzkoan eta % 6,47koa Bizkaian. Jarraipen handiena medikuena izan da (% 12,67) eta txikiena erizainena (% 5,5). Gainerako kategorietan, % 12,2k babestu dute greba.

Eusko Jaurlaritzaren mendekoak diren Justizia langileen artean, jarraipena % 3koa izan da.

Hezkuntza Sailaren esanetan, irakaskuntza publikoko irakasleen % 48,3k egin dute greba. Datu horiek ikastetxeen % 48ri dagozkie, arazo informatiko batek datuak "normaltasunez" jasotzea eragotzi baitu.

Bizkaiko metalaren sektorean (Bizkaiko sektore garrantzitsuena da, 48.000 langile baititu), grebaren jarraipena % 12koa izan da, patronalaren arabera.

SEA Arabako patronalaren esanetan, lurralde horretako enpresetan, langileen % 6k egin dute bat grebarekin. Beraz, deialdiak "porrot" egin duela esan du SEAk.

Nafarroako datuei dagokienez, Administrazioko langileen % 8,13k babestu dute greba orokorra, Foru Gobernuaren datuen arabera.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun Sailak esan du Lurraldebus zerbitzuen % 68,70 eman dituztela. Metro Bilbaok esan du normaltasuna izan dela nagusi metroan, eta etengabe ibili direla gutxieneko zerbitzuetan jasotako unitateak baino gehiago (% 30eko gutxieneko zerbitzua ezarri dute).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Grebak EAE albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen albistea Steilas albisteak