Ekonomia -

Finantza krisia

Eurotaldea Greziaren bigarren erreskateaz jardungo da astelehenean

Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak aurretik bilera bat deitu du Banku Zentraleko presidentearekin, besteak beste. Hala ere, bere hitzetan, "ez da larrialdietako bilera bat".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko Ekonomia ministroak Greziaren bigarren erreskatearen ardatz nagusiak adosten saiatuko dira. Hala ere, ez da behin betiko akordiorik espero, batez ere bankuek erreskate horretan izango duten parte-hartzea oraindik zehaztu gabe dagoelako.

Bigarren erreskatea iraila arte atzeratuko da gutxienez, Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroak onartu bezala; nahiz era merkatuek azken astean izandako gorabeherek erabaki bat hartzeko presioa handitu.

Iragan asteburuan, Euroguneak larrialdietarako laguntza desblokeatu zuen, 12.000 milioi eurokoa, Atenasen hondamendi ekonomikoa saihesteko. Horren truke, Greziako Parlamentuak 28.000 milioiko murrizketa plana onartu beharra izan zuen.

Bigarren erreskatea 100.000 milioi euro ingurukoa izango da eta Greziaren finantziazio beharrak beteko ditu 2014. urtera arte.

Aldez aurreko bilera

Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak "koordinazio eta prestaketa" bilera deitu du Eurotaldearenaren aurretik. Bertan EBko agintari nagusiek parte hartu eta Greziaren bigarren erreskate plana aztertuko dute, Eferi iturri ofizialek baieztatutakoaren arabera.

Bilera horretan izango dira Jose Manuel Barroso Europako Batzordeko presidentea, Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentea, Jean-Claude Kincker Eurotaldeko presidentea, Olli Rehn Ekonomia Gaietako komisario europarra eta Italiako Altxorraren kontseiluko ordezkari bat.

Europako iturriek azpimarratutakoaren arabera, "honakoa ez da larrialdietarako bilera" eta ez du Italiaren egoerarekin "zerikusirik", nahiz eta azken asteetan merkatuek Italiarengan presio handia egin izan duten.

Italiako Altxorreko ordezkari bat bilera horretan egotea "kointzidentzia hutsa" dela nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea