Ekonomia -
Euskal Autonomia Erkidegoa
Jaurlaritzak % 2ko soldata igoera onartu du Administrazio Publikoko langileentzat
Neurria otsaileko nominan aplikatuko da, eta atzeraeraginez urtarrilaren 1etik aurrera. Itzarri-EPSV-ri egindako ekarpenak ere % 2ra arte igoko ditu Gobernuak.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak %2ko soldata igoera onetsi du gaur, gobernu bileran, Euskal Administrazio Publikoko langile guztientzat. Neurria otsaileko nominan aplikatuko da, eta urtarrilaren 1eko datan izango du atzeraeraginezko ondorioa.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak egin du iragarpena, bileraren ondotik egin ohi duen prentsaurrekoan. Gogorarazi duenez, soldata igoera sindikatuekin negoziatu zuten irailean Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean.
Azaldu duenez, neurriak 83 milioi euroko kostua izango du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko langile publiko guztiengan izango du eragina (Administrazio Orokorra, Segurtasuna, Hezkuntza, Justizia eta Osakidetza).
Horrez gain, Itzarri-EPSV-ri egindako ekarpenak % 2ra arte igoko ditu Jaurlaritzak, Mahai Orokorrean hartutako konpromisoari jarraiki.