Ekonomia -
Greziaren bigarren erreskatea
Euroguneko herrialdeek eta Europako Bankuak ez dute akordiorik lortu
Ekonomia ministroek eta Europako Banku Zentralak hartu beharreko neurri berrien zirriborroa prestatu dute, Greziako egoera Italian eta Espainian eman ez dadin, baina ez dute ezer zehaztu.
Erredakzioa
Euroguneko Ekonomia ministroek eta Europako Banku Zentralak ez dute akordiorik lortu Greziaren bigarren erreskaterako, oro har, eta banku pribatuak egin beharreko ekarpenari buruz, zehazki. Hurrengo bilera irailean egingo dute eta horrek merkatuetako egoerak okerrera egitea eragin dezake.
Alemaniak eta Herbeherak uste dute sektore pribatuaren parte-hartzea bigarren erreskaterako "aurrebaldintza" dela eta garrantzizkoa izan behar dela ''rating'' agentziek ez ordaintzea bezala ulertu arren.
Ez ordaintzeak krisia Euroguneko beste estatu batzuetara zabaltzeko arriskua handituko duela uste dute Europako Bankuak eta beste zenbait herrialdek, Espainiak esaterako.
Alabaina, lehen aldiz Ekonomia ministroen agiriak ez du esplizituki baztertzen Greziaren ez-ordaintze selektibo bat onartzea.
Akordiorik lortu ez denez, lan-talde bat jarri dute martxan "programa berriaren finantzazio moduak aztertzeko, zorraren gastua murrizteko aukerak bilatzeko eta Greziaren zor publikoaren jasangarritasuna hobetzeko neurriak proposatzeko". Hala ere, ez dute bitartekorik eta datarik zehaztu.
Euroguneko oreka ekonomikoa bermatzeko konpromisoa berretsi dute Finantza ministroek eta maileguak itzultzeko epeak luzatzeko eta Grezia, Irlanda eta Portugalentzat interes-tasak murrizteko prest agertu dira. Dena dela, puntu honetan ere ez dituzte argitu hartu beharreko neurri zehatzak zein izango behar diren.
Interes-tasei dagokienez, Greziarentzat eta Portugalentzat murriztu dituzte. Finlandiak exijituta, hobekuntza gehiago egoteko, bi herrialde horiek bermeak eman beharko dituzte.
Jean-Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak azpimarratu du programa berriaren helburua Greziak bizi duen krisia Italian eta Espainian ez ematea dela.