Ekonomia -

Gobernu Kontseilua

Eusko Jaurlaritzak kutxetako asanbladen osaera aldatu nahi du

Aurrezki kutxen lege proiektua onartu du gaur, eta horren arabera, Legebiltzarrak, Batzar Nagusiek eta merkataritza ganberek aukeratutako ordezkariek lekua izango dute asanbladetan.

Carlos Aguirre Ekonomia sailburua, aurkezpenean. Argazkia: EITB
Carlos Aguirre Ekonomia sailburua, aurkezpenean.
Carlos Aguirre Ekonomia sailburua, aurkezpenean. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak EAEko aurrezki kutxen lege proiektua onartu du gaur eta bertan asanbladak osatzeko modua aldatzea proposatzen du, izan ere, Legebiltzarrak, Batzar Nagusiek eta merkataritza ganberek izendatutako ordezkariek tokia izango dute lege berria onartzen bada.

Lege proiektuaren helburua, EAJk zirriborroa zenean gogor kritikatu zuena, kutxen agintariak "profesionalizatzea" izango da eta kargudun politiko gutxiago egotea, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dion lege proiektuak Legebiltzarraren oniritzia jaso beharko du indarrean sartu aurretik.

Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak azaldu ditu lege proiektuaren nondik norakoak Gobernu Kontseiluan. Eusko Legebiltzarrak 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen onartzea espero du sailburuak, orduan hasiko baita lanean Kutxa bank, BBK-k, Kutxak eta Vitalek osatuko duten bankua.

EAJk lege proiektua errefusatzen duela eta, Aguirrek esan du Legebiltzarra dela "joko zelaia", negoziazioa ez dagoela "itxita" eta batzuen eta besteen jarrerak gertura daitezkeela.

Aldaketak asanbladen osaeran

Kutxetako osaeran aldaketak egitea proposatzen du lege proiektuak eta ezarleen pisua handitzea, asanbladetako kideen % 47 hautatzeko aukera emanda (orain % 43 hautatzen dute). Era berean, udalen pisua murriztu egiten du % 30etik % 17ra.

Berritasunak honakoak izango lirateke: Eusko Jaurlaritzak asanbladaren % 5 aukeratuko du, batzar nagusiek % 6, merkataritza ganberek % 1, CESen dauden sindikatuek eta patronalek % 1 eta Kontsumitzaileen Elkarteen Federazioak % 1.

Aldaketa horien eraginez, administrazio publikoen ordezkari kopurua % 40 murriztuko da kutxen asanblada nagusietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea