Ekonomia -
Euroaren krisia
Irlandako zorra zabor-bonua dela dio Moody's agentziak
2013an erreskate programa bukatzen denean Irlandak "finantziazio ofiziala" behar izateko "aukerak gero eta gehiago" dira, agentziaren esanetan.
Erredakzioa
Irlandako zorraren arrisku nota zabor-bonura jaitsi du gaur Moody´s agentziak, "Baa3" mailatik "Ba1" mailara. Nota berriro jaitsi dezakeela ohartarazi du agentziak, izan ere, perspektiba negatiboa eman dio nota berriari.
2013an Europar Batasunaren (EB) eta Nazioarteko Diru Funsaren (NDF) erreskate programa bukatzen denean Irlandak "finantziazio ofiziala" behar izateko "aukerak gero eta gehiago" dira, agentziak komunikatu batean azaldu duenez.
EBko gobernuek azkenaldian eskatu bezala, Irlandari laguntza gehiago emateko baldintza gisa enpresa pribatuen parte-hartzea eskatzeko aukera mahagainean dagoela adierazi du Moody''sek.
"Zorra kitatzeko sektore pribatuaren edozein parte-hartze zorra duten guztientzat negatiboa da. Eurogunearen zorra kalifikatzeko garaian faktore erabakigarria da", esan du agentziak.
"Zergak sendotzeko" programetan Irlandak "konpromiso indartsua" azaldu duela onartu du Moody''sek. Era berean, finantza-erreskatearen baldintzak betetzen ari dela onartu du agentziak, baina laguntzaren "aplikazioak arriskuak" dituela ohartarazi du, "batez ere Irlandako ekonomiaren ahultasuna ikusita".