Ekonomia -

Dokumentazioa

Euroguneko finantza krisia ulertzeko gida

Bi adituk azalpenak eman dizkigute eta proposamen zehatzak egin dituzte egungo krisiari aurre egiteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euroguneko herrialdeak aurrekaririk gabeko krisian daude iazko hasieratik, eta herrialde batzuk, Grezia, kasu, porrotetik gertu daude.

Atzoko ''ekaitza'' egungo egoeraren ezegonkortasunaren adibide izan zen. Zor merkatuek errusiar mendien antzera jokatu zuten eta, ordu gutxitan, Espainiaren arrisku-saria 350 puntuetatik 380ra igo zen, eta berehala 314ra jaitsi zen. Zer gertatzen ari da eurogunean? Nola iritsi gara egoera honetara? Eta inportanteena, nola konpon dezakegu?

Idoia Basterretxeak, Norbolsako zuzendariordeak, azalpenak eman dizkigu: "Atzo izua izan zen merkatuetan, Greziako zorraren krisia teorikoki sendoagoak diren baina oso zorpetuta dauden beste herrialde batzuetara hedatu baita, eta horrek zalantza ugari sortu ditu zor merkatu guztietan".

"Eraso handia izan da euroaren eta moneta bateratuaren egonkortasunaren aurka", gaineratu du.

Nolanahi ere, Europako agintariak ez dira gauza izan egoerari aurre egiteko, eta geldirik dauden irudia ematen ari dira, Greziaren bigarren erreskatea irailean eztabaidatuko baitute. "Nahasmena dago, hainbat solaskide daudelako, hala nola Europako Banku Zentrala, herrialdeetako Finantza ministroak eta Europako Batzordea".

Jesus Torquemada nazioarteko adituak gogorarazi du ekonomialari askok ohartarazi zutela horren eurogune handia ez zela onuragarria izango, hobe dela dozena erdi herrialde batzea, Alemaniaren ingurukoak, baina ez horrenbeste herrialde eta ekonomia horren ezberdinak.

Europako zorraren krisia ez ezik, krisira eraman gaituzten beste hainbat faktore ere aipatu ditu Basterretxeak: "AEBetako defizitaren arazoa, AEBetako Kongresuak onartutako gastu-muga berria eta Txinaren eta herrialde azeleratu berriak". Herrialde azeleratu berriei dagokienez, haien ekonomiek bat-bateko jaitsierak izateak mundu osoan "desorekak" sortuko lukeela ohartarazi du.

"Interes-tasak igotzen ari diren arren, herrialde azeleratu berriek modu iraunkorrean hazten jarraitzen badute, egoera konpontzeko aukera izango dute politikariek".

Orduan, zer egin behar dute agintariek? Balizko konponbideen atalean sartuko gara.

Basterretxearen ustez, herrialdeei epe luzerako zorrak ez ordaintzeko aukera eman behar zaie, bankuentzat onargarri izan daitekeen portzentaje bat kenduta, "% 30ekoa inguru".

Proposamen gehiago: "Eurobonuak" sortzea, epe luzerakoak eta interes txikiagoan, gehien sufritzen ari diren herrialdeek zorrak epe luzean ordaindu ahal izateko.

Bere aburuz, oso inportantea litzateke euroguneak ostiralean egingo duen bileran "akordio osoa, orokorra eta adostua" lortzea, herrialdeei egonkortasuna emateko eta urratsez urrats jarraitzeko gidoi bat sortzeko. Solaskide bakarra egotea ere eskatu du, "Europako Banku Zentrala edo Europar Batasuna".

Jesus Torquemadak ere uste du batasuna ezinbestekoa dela: "Konponbidea politikoa baino ezin da izan; gobernu ekonomiko bateratua ezinezkoa bada, behintzat gobernu guztiek batera eta ideia argiak izanda jokatu behar dute, eta hori da, hain zuzen ere, une honetan gertatzen ari ez dena".

Hordagoa ere bota du: "Zuloak estaltzearen estrategiak ez du balio. Bi aukera daude: gobernu ekonomiko europarra sortzea, edo euroa hiltzen uztea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea