Ekonomia -
Europako Batzordea
Arrantza jasangarria bultzatzeko erreforma bat proposatu du EBk
Ontzidia murrizten lagunduko dute neurriek, arrantzalekuetan gero eta harrapakin gutxiago dagoelako. Proposamenak 2012an negoziatuko dituzte.
Erredakzioa
Arrantza Politika Amankomunaren erreforma erradikala proposatu du gaur Europako Batzordeak. Arrantza jasangarria eta akuikultura bultzatzea proposatzen du ekimenak, gero eta ustiatuago dauden baliabideak babesteko helburuarekin.
Flota murrizten lagunduko dute neurriek, arrantzalekuetan gero eta harrapakin gutxiago dagoelako, eta epe luzera sistema jasangarriago baten oinarriak jarriko dituzte.
Egungo politikaren "sorgin-gurpilarekin bukatu" nahi du proposamenak, Maria Damanaki Arrantza komisarioaren hitzetan. Izan ere, kasu askotan diru-laguntzak errentagarriak ez diren enpresen eskuetan amaitzen dute egungo sistemarekin, Damanakik proposamenaren aurkezpenean azaldu duenez.
Arrain-hazkuntzak "indar handia" duela errepikatu du komisarioak, izan ere, lanpostuak sor ditzake, eta arrain eta itsaskien eskariari aurre egiten lagun dezake. Akuikultura harrapaketa neurrigabeen alternatiba izan daiteke, Damanakiren esanetan.
Besteak beste, arrantza kuoten merkatu bat sortu nahi du erreformak. Esleipenak ontziei banatuko zaizkie, baina herrialde berdineko armadoreei saldu edo transferitu ahal izango dira.
Negoziaketa
Proposamenak EBko ministroen Kontseiluan negoziatuko dituzte 2012an, eta baita Europako Parlamentuan ere. 2013an indarrean sartzea espero dute.
Negoziaketa zailak izan daitezke, izan ere, Frantzia eta Espainia, arrantza sektore garrantzitsuenak dituzten estatuak, proposamenak leuntzen saiatuko dira sektorearentzako une zail batean gaudelako.
Bestalde, Bizkaiko golkoko antxoa arrantzalekuaren kudeaketa arrakastatsuarekin pozik agertu da Damanaki. Horrek arrantzuaren kuota bikoiztea ahalbidetu duela azaldu du komisarioak. Horrela, 29.700 tona bokarta arrantzatzeko baimena ematea proposatu du Bruselak.