Ekonomia -
Pribatizazioa
Gobernuak Aenako kapitalaren % 49a saltzea onartu du
Esleipena merkatuko egoeraren arabera egingo da, eta baliteke Burtsan ateratzea edo inbertsore pribatuen bidez egitea; hala ere, epe zehatzik gabe egingo dutela esan du Sustapen Ministerioak.
Redacción
Ministroen Kontseiluak gehienez % 49ko kapital pribatuaren sarrera onartu du Aena Aireportuetako elkartean. Esleipena merkatuko egoeraren arabera egingo da eta enpresarentzat baliorik handiena lortzeko asmoz.
Jose Blanco Sustapen ministroa eta Gobernuko bozeramaileak aire sektorearen garrantzia azpimarratu du Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Batez ere, turismoarentzat duen garrantzia aipatu du; izan ere, Espainiara heltzen diren turistetatik lautik hiru aireportuen bidez egiten dute.
Blancoren hitzetan, Espainiako aireportuen lehiakortasuna eta eraginkortasuna lortu nahi dute pribatizazioarekin, baina langileen eskubideak zainduko dituztela jakinarazi du.
Ministroak jakinarazi duenez, datorren astean tasatzaile bat lanean hasiko da Aena Aireportuetako benetako balioa zehazteko, salmentarekin hasi baino lehen.
Esleipena merkatuko egoeraren arabera egingo da, eta baliteke Burtsan ateratzea edo inbertsore pribatuen bidez egitea; hala ere, epe zehatzik gabe egingo dutela dio Sustapen Ministerioak.