Ekonomia -

Defizitaren murrizketa

Egitasmo 'serio' bat aurkezteko ultimatuma eman dio Kongresuari Obamak

"Denborarik gabe geratzen ari gara", adierazi du Obamak, izan ere, abuztuaren 2an AEBek ordainketak etengo ditu, Kongresuak zorpetzeko muga igotzen ez baldin badu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Defizita murrizteko eta zorpetze muga igotzeko "24 eta 36 orduren buruan" egitasmo "serio" bat aurkezteko ultimatuma eman dio gaur Kongresuari Barack Obama AEBetako presidenteak.

"Epemugatik hain gertu egoterik ez dugu. Astirik gabe geratzen ari gara", adierazi du Obamak prentsaurekoan, izan ere, abuztuaren 2an AEBek ordainketak etengo ditu, Kongresuak zorpetzeko muga igotzen ez baldin badu. Muga 14,29 bilioi dolarretan dago egun.

Astean zehar, buruzagi errepublikano eta demokratak egunero bildu dira Etxe Zurian defizita murrizteko egitasmo bat negoziatzeko, baina momentuz ez dute akordiorik lortu.

Politika bazterrean utzi

Bi alderdi handiei politika bazterrean uzteko eskatu die AEBetako presidenteak, izan ere, "handia den zerbait egiteko aukera paregabea da". AEBetako ekonomia egonkortzeko aukera dagoela goraipatu du buruzagiak, defizita handia baita.

Datorren hamarkadan 4 bilioi dolarretan defizita murrizteko proposamena babesten duela errepikatu du Obamak, baina egitasmo "orekatu" baten bidez, programa sozialei murrizketak ezarriz eta aberatsenei zergak igoz.

Hala ere, beste proposamen batzuk aztertzeko prest agertu da. 2,4 bilioi dolarreko murrizketa aipatu du Obamak, baina beti ere bi neurri horiek barneratzen baditu. Errepublikanoek, ostera, ez dute zergen igoera bat onartu nahi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea