Ekonomia -

Ustezko iruzurra

Xabi Alonsoren aurkako hirugarren kereila aurkeztu dute, ustezko delitu fiskalagatik

Oraingoan, Fiskaltzak egotzi dio 2014ko ekitaldian 840.017 euro ordaintzea saihestu zuela. 2010ean, 2011n eta 2012n ustez iruzur egiteagatik absolbitu egin zuten.

Xabi Alonso, epaitegian, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Xabi Alonso, epaitegian, artxiboko irudian.
Xabi Alonso, epaitegian, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabi Alonso euskal futbolari ohiaren aurkako hirugarren kereila aurkeztu du Fiskaltzak, 2014ko ekitaldian ustez delitu fiskala egin zuelakoan. Hain zuzen ere, Fiskaltzak egotzi dio ekitaldi hartan 840.017 euro ordaintzea saihestu zuela.

Lehen kereilan, Xabi Alonsori 2010ean, 2011n eta 2012an Ogasunari iruzur egin izana leporatu zioten, baina absolbitu egin zuten; bigarrenean, aldiz, egotzi zioten 2013ko ekitaldian ustez 572.008 euroko iruzurra egin izatea. Ministerio Publikoaren kereila hori instrukzio-fasean dago oraindik.

Zerga Administraritzako Estatu Agentziak eskatuta aurkeztu du kereila Fiskaltzak, Madrilgo 52. instrukzio-epaitegian. Alonso bertan azaldu beharko da, martxoaren 13an.

Kasu honetan ere, aurrekoetan bezala, kereila bi pertsonari dago zuzenduta; alegia, futbolari ohiaren zerga-aholkulari Ivan Zalduari, eta egoitza Madeiran duen sozietate bateko administratzaile Ignasi Maestreri. Xabi Alonsok azken enpresa horri laga zizkion irudi-eskubideak.

Abenduaren 13an, salaketa

Ministerio Publikoak jakitera eman duenez, bere erabakiak Zerga Administrazioko Estatu Agentziak abenduaren 13an egindako salaketa bat du abiapuntu. Txosten horretan, beste behin, aipatuta dago Alonsok sinatutako kontratu jakin bat; horren bidez, "itxuraz", kirolariak Kardzali sozietatearen esku uzten zuen irudi-eskubideen ustiapena.

Maestre Kardzaliko administratzailea zen (bai eta Madeiran egoitza zuten beste 23 enpresetakoa ere), 2014ra arte. Zalduak planifikatu zuen salatutako eragiketa, Fiskaltzaren esanetan, Xabi Alonsok "irudia ustiatzeagatik eratorritako zergak ordaintzea saihestuko zuela jakinda ere".

Lehen kereilaren aurrean, auzitegiak futbolari ohia eta haren bi bazkideak absolbitu egin zituen; epaian (oraindik helegitea du, eta epai irmoa ez dute eman), epaileak arbuiatzen zuen Kardzali iruzur egiteko baliabide formala izatea.

Zerga Administraritzako Estatu Agentziak, alabaina, bere tesiari eutsi dio orain, Ministerio Publikoaren bidez. Azken horrek gogora ekarri duenez, Alonsok 2009ko abuztuaren 5ean sinatu zuen kontratua Real Madrilekin, eta Espainiako hiriburuan kokatu zuen bizilekua; ondorioz, 2014an, Estatu espainiarrean zuen bizileku fiskala, Madrilen, "zegozkion zerga-beharrekin".

Fiskaltzaren hitzetan, Alonsok epe barruan aurkeztu zituen ekitaldi hartan PFEZaren deklarazioak, "baina ez zuen kopururik deklaratu irudi-eskubideak ustiatzeagatik izandako etekinengatik"; izan ere, Kardzali sozietateaz "legez kontrako onura fiskala lortzeko asmoz baliatu zen" futbolari ohia.

"Ogasunari onura horiek ezkutatzea"

Eragiketa 2009an diseinatu zuten, eta horren asmoa zen Ogasunari etekin horiek ezkutatzea, Ministerio Publikoaren hitzetan; Fiskaltzaren iritziz, sozietate horrekin hitzartutako kontratua ez zen beharrezkoa, jokalariak beste bat zuelako, Adidasekin hain zuzen, eta kontratu horrek 6 milioi euro baino gehiago bermatzen zizkion.

Ministerio Publikoaren iritziz, enpresak ez zuen gestiorik gauzatu, "diru-sartzeak eta ordainketak bideratzeko baliabidea izan zen, horixe bakarrik".

Fiskalaren kontuen arabera, futbolariak, 2014an, Adidasen aldetik, 319.500 euro jaso zituen, eta 1,9 milioi Real Madrilen aldetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Epaiketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak