Ekonomia -

Protesta

Pentsiodunek ohartarazi dute ez dutela etsiko, eta borroka egingo dutela kanpainan

"Konpromiso zehatzak" lortu arte jarraituko dutela azpimarratu dute, pentsio "duinak" eta 2011ko eta 2013ko erreformen alderdi atzerakoienak deuseztatzea, besteak beste.

Pentsiodunen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
Pentsiodunen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe
Pentsiodunen protesta, Bilbon. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak berretsi du ez dutela "borroka" utziko helburuak lortu arte, ezta kanpainan ere, eta "galdetzen den borroka bakarra uzten dena" dela azpimarratu du.

2018ko urtarrilaren 15etik astelehenero egiten duen moduan, Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea egin du Bilboko udaletxearen atarian euren aldarrikapenak adierazteko, tartean pentsio "duinak" eta 2011ko eta 2013ko erreformen alderdi atzerakoienak bertan behera geratzea.

Gaurko mobilizazioan, Andrea Uña bozeramaileak elkartasuna adierazi die Zaldibarko zabortegiko luiziaren ondorioz lurpean dauden langileen senideei, eta oraindik erreskatatu ez izana kritikatu du.

Era berean, gogorarazi du pentsiodunen kolektiboak mugimendu feministaren aldarrikapenekin egiten duela bat, eta horregatik martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartuko duela, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Gainera, "hirugarrenez" bilera bat eskatuko diote Iñigo Urkullu lehendakariari, "orain arteko eskaeren aurrean egindako itsuskerien ostean". Bilera lortzen ez badute, "bisita" egingo diotela jakinarazi du. Maria Chivite Nafarroako presidenteari ere eskaera bera egingo omen diote.

Hori horrela, kanpainan euren aldarrikapenak "entzunarazi" egingo dituztela berretsi dute, apirilaren 5eko hauteskundeetarako hautagaien "konpromiso zehatzak" lortzeko.

"Inork ez dezala zalantzarik izan, ez dugu borrokan etsiko gure helburuak lortu arte. Galtzen den borroka bakarra uzten dena da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak