Ekonomia -

Euskal kutxak, fidagarriak

EAJ: Probek euskal kutxen 'bat-egite onuragarria' aurreikusi dute

Bestalde, emaitzak sistemarenganako "konfidantza" indartzeko balio izatea espero du PSEk. EBk, aldiz, haien "zehaztasuna" zalantzan jartzen du eta UPyDk kutxen zuzendariztak despolitizatzea eskatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko parlamentarioaren arabera, euskal aurrezki kutxek kaudimen probetan lortutako emaitzek "bat-egite onuragarri bat lortzeko momentu onean gaudela" adierazten dute. Gauzak horrela, hiru kutxek erakunde berria osatuko lukete "78.000 milioi euro inguruko baliabide propioekin"; "Estatuko hirugarren aurrezki kutxa eta Espainiako seigarren finantza erakundea" izango litzateke, eta kaudimenari dagokionez, "bigarrena".

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, emaitzek euskal kutxen "fidagarritasunaren" isla dira, "zorroztasunez, seriotasunez eta profesionaltasunez kudeatutakoak", eta "gurean lana ondo egin dugula" frogatzen dute, "segurtasuna, egonkortasuna eta konfidantza sortuz".

PSE: Sistemarengan konfidantza irabazi

Txarli Prieto Arabako PSE-Eeko idazkari nagusiaren ustez, Espainiako banku eta kutxek lortutako emaitzek "herritarrek finantza sisteman duten konfidantza indartzeko" balio behar dute, baita "kontrol politikorako neurrien gabeziaren kontra egiteko, lan hori Europar Batasunak egin beharko lukeelako".

Prietoren hitzetan, Espainiako finantza sistemak "osasun egoera ezinhobea" duela erakutsi die gainontzeko herrialdeei. Ez hori bakarrik, "gurea baino boteretsuagoak diren herri batzuk euren finantza erakundeak ezkutatu behar izan dituzte".

EB: Kaudimen proben inguruko zalantzak

Mikel Arana Ezker Batua Berdeakeko koordinatzaile nagusiak, aldiz, "euskal aurrezki kutxak hain onak izanda, banku bihurtzeko bidean egotea" ulertzen ez duela adierazi du. Izan ere, hori izango baita, Aranaren hitzetan, "hiru kutxen bat-egiteak ekarriko duena".

Europako Bankuen Agintaritzak (EBA) abian jarritako prozesuari dagokionez, estres proben "zorroztasuna zalantzan jarri" du, proba horiek izan baitziren iaz "Irlandako bankuek lasai asko gainditu zituztenak eta handik gutxira erreskatatu egin behar izan zituzten".

UPyD: Kutxak despolitizatzea

Gorka Maneiro Legebiltzarreko UPyDko bozeramailearentzat, berriz, hiru euskal kutxen kaudimena "frogatuta geratu da"; hala ere, kutxen zuzendaritzetan politikarien ordez profesionalak jartzearen alde egin du. Horrela, euskal kutxen kasuan, "kaudimena mantendu edota handitu egin daiteke", gaineratu du.

Maneiroren ustez, "aurrezki kutxen zuzendaritzen erabakiak alderdi politikoen ordezkarien esku egotea oso negatiboa da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea