Ekonomia -
Estres frogak Bankari
Aguirre: 'Bat-egiterako lagungarri izango dira euskal kutxen emaitzak'
Estres testetan lortutako emaitzei esker Kutxa, Vital eta BBK "indarberrituta atera izana" txalotu du Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak.
Erredakzioa
Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi duenez, Kutxak, Vitalak eta BBK-k azken estres testetan lortutako emaitza onak euskal kutxen "bat-egiterako lagungarri izango dira".
Donostian egin ditu Aguirrek adierazpen hauek, ''Gaur eguneko osasunaren egoera: erronkak eta erantzunak" izenburuko EHUko Udako Ikastaroaren inaugurazio-ekitaldian. Bankuei egindako azken estres frogetan lortutako emaitzei esker Kutxa, Vital eta BBK "indarberrituta atera izana" txalotu du sailburuak.
Aguirrek azpimarratu duenez, Kutxa, BBK eta Vitala "finantza-sistemaren erakunde onenen artean daude, ez bakarrik Estatu mailan, baita Europa mailan ere". "Hori bakoitza bere aldetik ikusita baina hirurak batera aztertuta, kaudimen maila askoz handiagoa da", nabarmendu du.
Halaber, estres frogen emaitzak "bat-egiterako lagungarri" izango direla uste du Aguirrek. Honen esanetan, "bat-egin ostean, euskal kutxek hobera egingo dute. Izan ere, abantailak irabaziko dituzte eta gainera, datozen urteetako etekina ere hobetuko dute".