Ekonomia -
LAN ISTRIPUA
Milioi erdi euro eskatu dizkiote Donostiako enpresa bati langile baten heriotzagatik
Langilea 2018ko irailean hil zen, Alemanian, lanean ari zen teilatutik behera erorita. Enpresari segurtasun neurriak ustez hartu ez izana egotzi diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako eraikuntza enpresa batek milioi erdi euroko demanda bati egin behar dio aurre. Eguzki-panelak jartzeko azpikontratatuta Alemanian lanean ari zela lan-istripuan hil zen langile baten familiak eraman du auzitara enpresa.
ELA sindikatuak bere garaian jakitera eman zuenez, ezbeharra 2018ko irailean gertatu zen, Merkendolfen. Langilea hiru lankiderekin batera joan zen bertara, eta teilatutik behera erori zen, 15 metroko altueratik.
Astearte honetan egin behar zuten epaiketa Donostiako Lan-arloko 3 zenbakiko Epaitegian, baina atzeratu egin dute, hildakoaren familiaren abokatuak eskatuta, eraikuntza enpresaren aseguru-konpainiari jarritako demanda zabaldu ahal izateko. Aseguru-etxeak aseguru-poliza epaiketa eguna iritsi arte prozedurara ez ekartzeagatik hartu du familiak erabaki hori.
Enpresak segurtasun-neurriak ustez ez hartzeagatik jarri zuten demanda, lan-arriskuen prebentziorako araudia urratu zuelakoan.
ELAk aseguru-etxearen jarrera salatu du, epaiketa egunean bertan aurkeztu duelako poliza prozedura judiziala luzatzeko asmoz. Igor San Jose sindikatuaren Eraikuntza arloko Donostiako arduradunaren esanetan, kasu honetan “hainbat irregulartasun” egon dira. Azaldu duenez, langileak ez zeuden lan horretarako prestatuta, ez zuten aurretik enpresan lan egin eta ez zuten derrigorrezko azterketa medikoa igaro.
Sindikatuak aurretik ere jarri ditu salaketak enpresa horren aurka Lan eta Gizarte Segurantzako Probintzia Ikuskaritzan eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean.