Ekonomia -

Osasuna eta laneko arriskuak

Izar ontziola zigortu dute, langile ohi bat amiantoaren eraginez hil ostean

Epaiaren arabera, "enpresak ez zuen behar bezalako arduraz jokatu", ezin baita frogatu amiantoaren aurkako prebentzio-neurririk hartu zenik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sestaoko La Naval ontziolan lan egin zuen behargin bat amiantoaren eraginpean aritu zela ebatzi du Bilboko auzitegi batek, eta, ondorioz, gaixotasun profesionalak sortutako prestazio guztien % 40ko errekargua ordaintzera zigortu du Izar enpresa, Euskadiko CC. OO. sindikatuak ostiral honetan jakitera eman duenez.

Sindikatuak azaldu duenez, langile horrek 2012ko urrian hartu zuen erretiroa, eta 2016ko abenduan hil zen, amiantoak eragindako biriketako minbiziaren ondorioz. Osalanek egindako txostenaren arabera, material horren eraginpean egon zen bere lanpostuan, soldatzaile gisa, 70, 80 eta 90eko hamarkadetan.

Epaiaren arabera, "enpresak ez zuen behar bezalako arduraz jokatu", ezin baita frogatu amiantoaren aurkako prebentzio-neurririk hartu zenik, ezta lan-ingurunearen ebaluazioa eta kontrola egin zenik ere. 1961az geroztik, baimendutako gehieneko kontzentrazioa arautzen zen. Horrez gain, epaiak dio ez dagoela jasota azterketa mediko espezifikorik egin denik, ezta amianto-arriskuaren ohartarazpen zehatzik ere.

Testuinguru horretan, amiantoaren eraginpean lan egiten duten enpresa guztiei "prebentzio neurriak zorrozteko" eskatu die Alfonso Rios Euskadiko CC. OO. sindikatuko lan osasuneko arduradunak.

Ohar batean nabarmendu duenez, 2002. urteaz geroztik amiantoaren erabilera eta merkaturatzea debekatuta dagoenez, errealitate horren "adibiderik argiena" dira, hain zuzen ere, amiantoa kentzen aritzen diren enpresak.

Ildo horretatik, Zaldibarko zabortegian egunotan egiten ari diren lanak arretaz jarraitzen ari direla ziurtatu du Riosek, "azken 22 egunetan amiantoaren eraginpean egon baitira etengabe".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Epaiketak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak La Naval Enpresaburuak