Ekonomia -
Epaia
Interesak kalkulatzeko HMEI indizea gehiegizkoa den ala ez erabakiko du gaur EBJAk
Espainian emandako kredituen % 10ean Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) erabiltzen da, eta bezeroentzat Euriborra baino "okerragoa" da, gehiago ordaindu behar dutelako.
Agentziak | Erredakzioa
Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) kontrol judizialaren pean egon behar dela erabaki dezake gaur, asteartea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA). Kasu horretan, abusuzko klausula dela esan dezake, eta, beraz, baliogabea dela. Bestalde, kontrol judizialetik kanpo dagoela ebatziz gero, indize ofiziala izateak horren gardentasuna bermatzen duela arrazoitu dezake.
Zehazki, Bartzelonako epaitegi batek gehiegizko klausulei buruzko araudiaren interpretazioaren inguruan planteatutako epaiketa aurreko gai batzuei erantzun behar diete gaur goizean Europako epaileek.
Bankiarekin hipoteka bat sinatu zuen herritar baten kasua da auzia Luxenburgora bideratu duena, izan ere, interesak HMEIren arabera kalkulatzeari buruzko klausula gehiegizkoa dela iritzita salaketa aurkeztea erabaki zuen Bartzelonako epaitegi batean.
Bartzelonako epaitegi horrek EBJAri igorritako txostenaren arabera, Espainian emandako kredituen % 10ean Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (HMEI) erabiltzen da, eta bezeroentzat Euriborra baino "okerragoa" da, gehiago ordaindu behar dutelako. Gainera, Euriborraren ordez HMEI erabiltzeak hipoteka bakoitzeko 18.000 eta 21.000 euro gehiago ordaintzea dakar. Euriborra, kontratu gehienetan erabiltzen da (% 90).
Gauzak horrela, Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina zuzena den edo ez erabaki behar du gaur Europako Justizia, HMEI bezalako indize ofizial bat ezin dela kontrol judizialaren pean jarri ebatzi baitzuen 2017an, ez dagoelako aurreikusita abusuzko klausulei buruzko Europako araudian.
Alabaina, Maciej Szpunar EBJAko abokatu nagusiak duela hilabete batzuk adierazi zuen HMEI indizeak auzitegi nazionalen babespean egon behar duela, indize ofiziala izate hutsak ez duelako bermatzen gardena izatea. Abokatu nagusien ondorioak ez dira lotesleak ondorengo epaiei begira, baina bat etortzen dira gehienetan.
Hala, EBJAren epaiak abokatu nagusiaren irizpideari jarraitu eta klausulak gehiegizkoak direla ebatziz gero, epaitegietan demandak jartzeko aukera izango lukete hipotekak sinatzean indize hori onartu zuten bezeroek, eta bankuek diru kopuru handiak itzuli beharko lizkiekete.
Horrez gain, gardentasun falta iritzita Luxenburgok klausula hori baliogabea dela erabakitzen badu, indize horren ordez hipoteka-kontratuetan Euriborra ezartzea zuzena ote den edo beste edozein indize aplikatzeari utzi beharko litzaiokeen galdetu dio Bartzelonako epaitegiak. Hala, bezeroari ezin zaiola beste indizerik ezarri ebatziz gero, maileguan utzitako dirua itzultzeko beharra izango lukete bakarrik.